IX. Lanbide Heziketa Azoka 2024

«Ikasketak gaur egungo lanerako oinarri izan dira»

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 12a, 11:00

Ander Martin Aldayak (Errenteria, 1999) Basoa eta Natura Ingurunearen Kudeaketa ikasi du Fraisoro Eskola LHIIn.

Zergatik aukeratu zenituen ikasketa horiek?

Betidanik mendia eta naturarekin harreman handia izan dut. Txikitatik irakatsi didate natura errespetatu eta zaindu behar dela. Eta etorkizunera begiratzean, naturarekin zerikusia daukan lan batean egin nahi nuen lan, bai babesten edota irakasten.

Lanerako zer aukera daude?

Goi maila bukatzean Global training bekan izena eman nuen eta sei hilabetez Ingalaterrako GKE txiki batean egon nintzen boluntarioekin kontserbazio lanetan eta inguruko eskolekin baso eskolako klaseetan laguntzen. Ingalaterratik itzuli ondoren Fraisoro Eskolatik lan eskaintza bat bidali zidaten Donostiako zuhaitzen arrisku inspekzioak egiteko. Lan hau Madrilgo enpresa batek eskaintzen zuen. Enpresa honek Espainiako hiri desberdineko zuhaitzak aztertzen ditu, eta aurreko urtean Donostian hasi ziren eta bertan hasi nintzen lanean.

Gustura zaude lortutakoarekin?

Lortutakoarekin oso gustura nago, izan ere, oraingo lanak hiriko natura babesteko aukera ematen dit. Gainera, egunero kalean gora eta behera nabil, ez da soilik bulegoko lana. Natura beste ikuspuntu batetik begiratzen irakatsi dit.

Zer da ikasketetatik gehien gustatu zaizuna?

Ikasketak egin dudan guztirako oso garrantzitsuak izan dira. Hala ere, gehien gustatu zitzaidana zuhaitzen desberdintasuna eta hauen aberastasuna izan zen, ikasketa hauek gaur egungo lanerako oinarri izan baitira.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!