Maria Moliner sari nagusia jaso du Plazida Otaño liburutegiak

Tolosaldeko Ataria 2023ko uzt. 12a, 11:00

Estatu mailako 557 liburutegik aurkeztu dute euren hautagaitza eta epaimahaikideek hamar onenen artean aukeratu dute Aiztondoko liburutegiaren proiektua.

Irakurzaletasuna sustatzeko egindako lanagatik saritu dute Aiztondoko Plazida Otaño liburutegia. Sari berezia izan da aurtengoa, estatu mailan hamar liburutegik soilik jaso dutena. Euskal Herri mailan, Zizurkilgo liburutegiak bakarrik jaso du Maria Moliner saria. 

Urte osoan zehar egindako lana saritu diote liburutegiari. Aurreko urteetan ere jaso izan dute Maria Moliner saririk, “baina lehen saria jasotzen dugun lehen aldia da honakoa. Ez genuen inondik inora espero, eta poz handia eman digu”, azaldu dute Irene Urruzola eta Arantxa Zabala liburuzainek.

10.000 euroko diru saria jasoko du Plazida Otaño liburutegiak. “Aurreko urteetako saria txikiagoa zen eta liburuak erostera bakarrik bidera zitekeen. Aurtengo saria, 10.000 eurokoa, ekipamendurako ere erabil daiteke. Saria jasoko genuela jakinarazi ziguten momentuan bertan hasi ginen pentsatzen diru hori nola erabili gure liburutegian hobekuntzak egiteko”, azaldu dute. 

557 hautagai

50.000 biztanle baino gutxiagoko herrietako liburutegiak aurkez daitezke sariketara. Aurten, 557 aurkeztu dira eta horien artean saritu dute Zizurkilgoa. “2022ko martxotik 2023ko martxora egindako ekitaldiak eta martxan izandako ekimenak txosten batean biltzea eskatu ziguten. Apirilean aurkeztu genuen txostena. Inklusioaren inguruan egindako ekitaldi bereziak azpimarratu genituen, baina baita urte osoan zehar lantzen ditugun ekimen ezberdinak ere. Irakurzaletasuna sustatzeko egiten den lana da saritzen dena eta aurtengoan sari potoloa eman digute. Ikaragarria izan da”.

Generoa, inklusioa, naturarekin errespetua, adin aniztasuna... lanketa zabala egin dute urte osoan zehar liburuzainek. Horretarako, ekintza puntualak erabili dituzte batzuetan, urte osoko ekimenak beste batzuetan. “Ipuin kontaketa solidarioa, LGTBI kolektiboaren inguruko erakusketa, eskolako kideen bisitak, Fraisoroko kideen parte hartzea, Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketa, motxila ibiltaria, irakurketa erronka, sareetan eta hedabideetan ekimenek izandako zabalkundea... hori guztia hartzen dute kontuan sariak banatzeko garaian eta aurten, merezimendu berezia jaso du Plazida Otaño liburutegiak eta bertako arduradunek.

Zizurkilgo Udalak liburutegia zoriondu du jasotako sariagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!