Gehigarria: IX. Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketa

Haritz Mujikak irabazi du IX. Pello Mari Otaño Bertso-Paper Lehiaketa

Tolosaldeko Ataria 2023ko uzt. 2a, 20:05

Julian Arrastoa (Teodoro Hernandorena Kultur Elkartea), Amaia Agirre, Beñat Zeberio, Amets Aizpurua eta Unai Mendizabal (Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldea).

Helduen mailan irabazi du asteasuarrak, eta bigarren saritua Amaia Agirre Asteasun bizi den billabonatarra izan da. Gazteen mailan lehen saria Beñat Zeberio asteasuarrak jaso du, eta bigarrena Amets Aizpurua getariarrak.

Teodoro Hernandorena Kultur Elkarteak eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak antolatu dute IX. Pello Mari Otaño Bertso-Paper Lehiaketa, eta gaur arratsaldean egin dute sari banaketa. Aurtengoa edizio berezia izan da, lehen aldiz, bertso-sortak idazteko hitz bat jarri baita abiapuntu moduan; hitz hori Ahotsa izan da. Antolakuntzak «bereziki estimatzen» die parte hartzaileei lehiaketarako apropos jarritako bertsoak bidali izana.

Haritz Mujikak Ahotsaren istoria izeneko bertso-sortarekin irabazi du. Epaimahaiak azaldu duenez, saria eman diote «gaiari eman dion tratamendu originalagatik, darabilen teknikaren txukuntasunagatik eta sorta osoan mantentzen duen erritmo eta orekagatik». Sari banaketara ezin izan du azaldu asteasuarrak. Amaia Agirrek Ahotsak egiten gaitu nor izena jarri dio bereari. «Gaia lantzerakoan emandako hitzari atera dizkion aurpegien aniztasunagatik eta haietako bakoitza azaltzeko darabilen estiloagatik» saritu dute.

Beñat Zeberio gazteen mailako irabazleak Jaitz bertsoak izendatu du bere sorta. Epaimahaiak horrela azaldu du bere erabakia: «Kontakizuna egiteko erabili duen dotoreziagatik eta erabili duen teknika zorrotzagatik, emandako hitzaren bueltan beti». Amets Aizpuruak Bi hitz izeneko bertso-sorta aurkeztu du, eta bigarren saria eman diote, «bertsoen txukuntasunagatik eta sorta osoan erakutsi duen orekagatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!