Finalak erabakita geratu dira Intxaur txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 1a, 14:24

Unai Alberdi eta Fernandez lehiatuko dira promesa mailan eta Elola eta Julen Alberdi elite mailan, datorren larunbateko finaletan.

Lau eta erdiko Intxaur txapelketa azken txanpan sartu da. Izan ere, asteburu honetan final-aurrekoak jokatu dituzte, eta finalean ariko diren pilotariak zehaztuta geratu dira.

Larunbateko partidei dagokienez, promesa mailan, Unai Alberdik 22-6 irabazi zion Amianori. Azpeitiarra oso ondo aritu zen, eroso eta erraz  irabazi zuen aurkaria. Elite mailan, berriz, Elolak 22-20 irabazi zion Landari. Oso partida borrokatua izan zen, eta irabazteko aukerak biek izan zituzten arren, azkenean Elolak lortu zuen finalerako txartela.

Gaur eguerdian jokatu dituzte azken final-aurrekoak. Promesen mailan, Fernandez 22-16 gailendu zaio De la Fuenteri. Fernandezek hasieratik hartu du aurrea, eta distantzia mantendu ahal izan du partidaren bukaerara arte. Elite mailakoen partida Julen Alberdi eta Aitor Zabalaren artekoa izan da, eta 22-5eko emaitzarekin izan da Alberdi irabazlea. Zabala Egigurenen ordez aritu da.

Beraz, hurrengo larunbateko, abuztuaren 7ko finaletan promesen mailan, Unai Alberdi eta Fernandez ariko dira nor baino nor, eta elite mailan, Elola eta Julen Alberdi. Finalak 20:00etan hasiko dira Intxaur pilotalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!