ataria.eus

Hondakinen bilketa sistema egokituko dute Zizurkilen

  gizartea  Zizurkil

Zizurkilen ontzi arinak eta papera edukiontzietan jasotzea eta egungo sistema hobetzea adostu dute EH Bilduk eta PSE-EEk.

Ontzi arinak eta papera albo kargako edukiontzien bitartez jasotzeko 18 puntu jarriko dira Zizurkilen apirila hasierarako. Errefusa eta hondakin organikoak atez ate jasoko dira, orain arte bezala; organikoa astearte, ostiral eta igande gauetan eta errefusa larunbat gauetan.

Udalean ordezkaritza duten EH Bildu eta PSE-EE alderdiek adostu dute hondakinen egungo bilketa sistemaren egokitzapena gauzatzea, baina ez dira mugatu edukiontzi ezberdinak bide publikoan jartzera. Eva Usandizaga EH Bilduko zinegotziak eta Jose Antonio Sanchez PSE-EEkoak adierazi dutenez, beste konpromiso batzuk hartu dituzte akordioa sinatu duten bi alderdiek, helburu jakin batekin: «Aldaketak martxan jarri eta sei hilabeteko epean %70eko gaikako bilketa lortzea. Eta 18 hilabeteko epean, tasa hori %80ra igotzea». Egun, %61 da gaikako bilketaren ehunekoa Zizurkilen eta Joxe Mari Luengo alkateak nabarmendu duenez, «atez ateko bilketa abiatu baino lehen %33koa zen».

Usandizagak eta Sanchezek, Zizurkilgo herritarrei esker mezua luzatu diete. «2013ko udaz geroztik urrats handia eman du Zizurkilgo udalerriak hondakinen gaikako bilketari dagokionez eta horregatik eskerrak eman behar zaizkie herritarrei bide honetan izan duten arduragatik». Orain arte lortutakoa «nahikoa» ez dela uste dute udalean ordezkaritza duten bi alderdiek eta horregatik adostu dute egungo bilketa sistemaren egokitzapena.

Aipatutako gaikako bilketa tasa lortzeko helburuarekin EH Bilduk eta PSE-EEk erabaki dute aldaketen berri emateko kontzientziazio kanpaina ezberdinak egitea. Informazio orri bat buzoneatuko da komertzio eta etxeetan eta osagarri bezala, hezitzaile batek komertzio guztiak bisitatuko ditu zuzenean informazioa emateko. Saltokietan kartoia astearte eta ostiral gauetan jasoko da, atez ate. Gainera, «informazioa zuzenean emateko», Aurrera plazan bulegoa egongo da zabalik herritarren eskura.

«Ingurumenarekin konprometitutako herria lortzeko, hondakinekiko jarrera arduratsua bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu alderdi politiko ezberdinok», esan dute EH Bilduk eta PSE-EEk. Zentzu horretan, kezkaz ikusten dute EAJren jarrera. Luengok esan duenez, «saiatu gara jeltzaleekin sistema adosten, baina beraien posturan segi dute, ez dute egokitzapen hau aurrera pauso bezala ikusten». Sanchezek ere «penaz» ikusi du EAJ akordiotik kanpora geratzea, adostutakoa «aurrerakuntza» baita hondakinen bilketari dagokionez. «Guk balioa ematen diogu», esan du sozialistak.  

Jarraipen batzordea

Egokitutako bilketa sistemaren jarraipena egiteko batzordea eratzeko konpromisoa hartu dute Zizurkilgo EH Bilduk eta PSE-EEk. «Udalean ordezkaritza dugun alderdi politikoez gain, udal teknikariak eta hondakinen inguruan lanean ari diren herritar taldeak parte hartu ahal izan dezaten eratuko dugu batzorde hori», aipatu dute udal ordezkariek.

Jarraipen batzordea sei hilez behin bilduko da «gutxienez», zinegotziek esandakoaren arabera: «Beharrezkoa balitz, jarraipen batzordeak neurri zuzentzaileak eta hobekuntzak proposatuko ditu, beti ere, zehaztutako helburuak lortzeko».

Akordioa sinatu duten EH Bildu eta PSE-EE alderdiek «gaikako bilketa bultzatzeko ekintzak garatzeko» konpromisoa hartu dute, beti ere, aipatutako helburuak lortzeko bidean «bilketa ereduaren etengabeko hobekuntza bilatuz». Zizurkilgo hondakinen bilketa sistemaren hobekuntzarako akordio markoa sinatu dute Joxe Mari Luengok eta Jose Antonio Sanchezek, bi alderdien izenean.

Gainerako hondakinak

Beira, arropa eta olio bilketan ez da aldaketarik izango, orain arte bezala edukiontzien bitartez jasoko baitira hondakin horiek. Traste zaharrak berriz, astelehen iluntzeetan atera beharko dira Zizurkilen, edukiontzien aldamenera. Aldez aurretik, mankomunitateko telefonora deitu beharko da horretarako, 943 67 62 16 telefono zenbakira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa