Jokin Alberdi: «Aurten ikastea eta sufritzea tokatzen zait»

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 27a, 11:27

Kadeteetan eta juniorretan egin bezala, 23 urte azpikoetan ere Euskadiko txapela jantzi du Jokin Alberdik (Zizurkil, 1998).

Berrizen, eliteekin batera aritu zinen lasterketan.
Bai, eta hirugarren bukatzeko aukera nuen, baina bizikleta izorratu zitzaidan, eta azkenean seigarren amaitu nuen. Iaz, juniorretan, itzuli bat gutxiago egiten genuen, 50 minutuko lasterketa. Orain, eurekin ibiltzen gara, ordubeteko proba eginaz.


Asteasun bezala, berriro arazoak bizikletarekin.
Ea pieza guztiak iristen diren eta falta zaizkidanekin dena konpontzen den.


Hala eta guztiz ere, pozik egoteko moduan zaude, txapeldun geratu zarelako.
23 urte azpikoetan lehen urtea dut, orain arte juniorrekin ibili naizelako. Lau urte zaharragoekin ari naiz lehian. Horien aurka zer egin behar nuen galdetzen nion neure buruari. Baina taldeko mekanikoak esaten didan bezala, joan eta korritu egin behar da, ea zer gertatzen den jakiteko.


Berrizko lasterketa nolakoa izan zen?
Lokatz pila ederra zegoen. Hasieratik bukaera arte gogorra izan zen. Bizikleta ere aldatu beharra zegoen. Ibilbide teknikoa zen. Gogorra.


Iaz prestakuntza aldatzea erabaki zenuen, hasieran lasai ibili eta bukaeran indartsu egoteko. Aurten zer egin duzu?
Antzerakoa. Ostiralean Ormaiztegi daukagu, eta bi astetara, Espainiako Txapelketa. Azken hau daukat buruan. Munduko Txapelketarako txartelak banatuko dira bertan eta ea aukera dudan lekua egiteko.


Espainiako Txapelketa Valentzian jokatuko da, nolako zirkuitua da?
Lehor-lehorra. Lokatza zero. Baina guztiontzat berdina izango da, beraz, hori da dagoena.


Lehen urtea izanda, helburu nagusia ikastea izango da, ezta?
Ikastea eta sufritzea tokatzen zait aurtengoan. Javi Ruiz de Larrinaga taldean daukagu, eta batez ere ikastea tokatzen zait, ea gorakoen pare jartzeko aukera dudan. Entrenamenduak eginez gero, emaitzak etorriko direlakoan nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!