Erraustegiaren pitzadurak

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 1a, 10:49

Aiztondoko Erraustegiaren Aurkako plataformak hitzaldia antolatu zuen asteartean Plazida Otaño liburutegian. Josu Amilibia eta Ainhoa Intxaurrandieta aritu ziren azalpenak ematen.

«Zer behar du errauste planta batek? Hondakinak eta dirua. Zeinek jartzen ditu hondakinak eta dirua? Udalek. Eta udalek esaten badute euren hondakinak eta euren dirua ez dizkiotela kontsortzioari emango? Badoazela kontsortziotik?». Udalerri batzuek GHKtik ateratzeko egiten ari diren bidea, epaitegietan irekita dauden auzibideak eta GHK SAU enpresaren kiebra izan zituzten hizpide asteartean Plazida Otaño liburutegian. Josu Amilibia Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakariak eta Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakari izandakoak hartu zuten hitza, Aiztondoko Erraustegiaren Aurkako plataformak gonbidatuta.

Datorren abenduaren 27an esleituko dituzte Zubietan egitekoa den errauste plantaren lanak. «Aurrekoa geldiarazi genuen eta bigarrengo aldiz geldituko dugu, jende arduratsua eta ausarta badagoelako pausoak emateko prest dagoena». 2013n, Intxaurrandieta GHKko lehendakari zela, 2007-2011 legealdian proiektatutako erraustegiaren kontratua eten zen. Hori dela eta auzibidea zabaldu zieten orduko ordezkariei, «sententziak duela urtebete atera behar zuen baina oraindik ere ez dugu horren berri». Ez da epaitegietan dagoen auzi bakarra eta, besteak beste, swapen ingurukoa ere aipatu zuten hizlariek: «Erraustegia egiteko mailegua eskatu zutenean egin zuten seguru antzekoa da swap produktua, eta nahiz eta mailegua erabili ez, seguru hori ordaintzen jarraitzen dugu. 600 mila euro dira hilero gipuzkoarron kontura». Helegitea jarri eta sententziaren zain daude orain.

2015eko udal eta foru hauteskundeen ondoren aldaketa eman zen erakundeetan: udaletan, mankomunitateetan eta ondorioz, GHKn. Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakari izendatu zuten, orduan, Josu Amilibia eta asteartean Zizurkilen azaldu zuenez, «hasieratik baztertu gaituzte erabakiguneetatik, bai gu eta baita Urola Erdiko Mankomunitatea». EH Bilduren kiderik ez dago administrazio kontseiluan, eta ordezkaritza politikorako oinarrizko eskubidea urratu zaiela argudiatuta koalizio abertzaleko kideek salaketa jarria dute epaitegietan. «Batzarrak urgentziaz deitzen hasi eta ikusi ahal izan dugu presaka eta korrika egin nahi dutela dena. Proiektuaren tramitazioan, gure ustez legez kanpokoak diren erabakiak hartu dira, eta beste batzuek ez dituzte errespetatu prozedura administratiboak». Tolosaldeko mankomunitateak erraustegiaren proiektuaren aurka zazpi helegite jarri ditu eta Urola Erdikoak, berriz, hiru. Baina Amilibiak aitortu zuenez, «berdin zaie dena, ondorioak kontuan hartu gabe eta mobilizazio sozialei kasurik egin gabe, zanpa-zanpa ari dira».

GHK SAU KIEBRAN

Orain arte aurkeztu diren helegiteek eta salaketek, zalantzan jartzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiak duen asmoa, baina baita ere GHK SAU sozietateak duen egoera ekonomiko txarrak. Partzuegoak 2008an sortu zen sozietatea da GHK SAU eta berak du erraustegia egiteko eskubidea. Erraustegi planta berria eraikitzeak 200 milioi euro balioko du eta 35 urterako zerbitzuak 2.000 milioi euroko kostua izango duela kalkulatu zuten astearteko bi hizlariek. «Nola egingo du erraustegia sozietate horrek kiebra egoeran badago?».

Horregatik, Tolosaldeko eta Urola Erdiko mankomunitateek txosten tekniko eta finantziero bat zabaldu dute erraustegi proiektua finantzatzeko asmoa izan dezaketen banketxeen artean. «Bertan adierazten dugu, GHK SAUren egoera ekonomikoa txarra dela, eta, horri eusteko, kontabilitate arauen oso interpretazio zalantzagarria egin dela». Porrot ekonomikoaren ondorioz sozietatea disolbatuko balitz, «erraustegia egiteko lizitazioaren pleguak berriz atera beharko lirateke, oraingo pleguetan GHK SAU agertzen baita kudeatzaile. Horrek, eraikuntza lanak hilabeteetan atzeratu ditzake», esan zuen Amilibiak.

Hondakinen kontsortzioak sozietate hori gabe zein etorkizun izango duen zalantzan jarri zuten hizlariek. «Lizitazio lortuko lukeen enpresari 35 urteko ordainketa finkoa egingo dio kontsortzioak zerbitzuaren erabileragatik. Mankomunitateok ordaindu behar dugu?». Herriren batek kontsortziotik irten nahiko balu, errauste planta eraikitzen hasi baino lehen bada ere, bai ala bai dagokion zatia ordaindu behar duela jartzen du estatutuetan. Gastu hori ere kontuan hartuta, bide alternatiboak aztertzen hasi dira zenbait herri. Publiko artetik Malores Etxeberria hernaniarrak eman zuen euren kasuaren berri: «Azken bi hilabeteetan lan dezente egin dugu eta gure kalkuluak atera ditugu, baita ekonomikoak ere. Geure kabuz kudeatuko bagenitu hondakinak, 21 milioi euro aurreztuko genituzke, Hernanik urtebetean duen aurrekontua. Beste era batera esanda, kontsortzio barruan, errauskailuarekin eta hondakinak haiek kudeatzen dituztela geratuko bagina, 21 milioi euroko gain-kostua ordaindu beharko genuke. Iruzur handia iruditzen zait».

Hernanik egin duen ariketa hori bera egin dute Gipuzkoako beste hainbat udalerrik eta Intxaurrandietak ziurtatu zuenez, «horrelako erabaki bat hartu aurretik ziurtasun juridikoa behar da. Ari gara horren inguruko txosten juridikoak prestatzen». GHK lehendakari ohiak denboraz estu ibiliko direla onartu zuen, hala ere, abenduaren 27rako egin asmo dutelako erraustegiaren lizitazioa.

Nolanahi, erraustegia bigarren aldiz geldituko dutela berretsi zuten bi hizlariek asteartean. «Egia da, aurreko legealdian jaso genuen erasoa, geldiarazi genuen azpiegituraren tamainakoa izan zela. Baina horrek erakusten du, min gehien egiten dien lekuan egin genuela hozka, haien patrika eta interesetan. Eta hori ez digute barkatuko», esan zuen Intxaurrandietak. Eztabaidak eztabaida, «hondakinen eta ingurumenaren gaia lehen lerrora ekartzeak duen garrantzia» azpimarratu zuen Amilibiak eta lanean jarraitzera animatu zituen Plazida Otañora gerturatutako herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!