Ombu guraso elkartearen esker gutuna

Tolosaldeko Ataria 2016ko eka. 14a, 10:54

Pedro Mari Otaño ikastetxeko festan parte hartu zuten guztiei zuzendu die gutuna Ombu guraso elkarteak.

"Eskerrik asko! Mundialak zarete! Guztiok zarete ikasturte amaiera dela eta, ekainaren 11an eskolan antolatu zen festako arrakastaren arduradun.

Aurten 10:30ean genuen hitzordua, 'gosaria festa giroan'; txokolatea edo kafean gurasoek eginiko bizkotxo goxo-goxoa bustiz indarrak hartzeko. Behin denok esnatuta, Erraldoi eta buruhandien txanda iritsi zen. Suziriek festari hasiera ofiziala eman eta kalejirarekin martxan hasi eta gaueko 21:00etan oraindik gurasoak eta ikasleak brilet jolasean zebiltzan. Inork ez zuen etxera joateko gogorik!!

Beste behin ere, ikasleak eta irakasleak zoriondu eskainitako emanaldi zoragarriagatik. Urte guztian erakusten duzuen ilusioaren leihoa da festa eguna. Aurten ere ez da faltatu LH6ko ikasleen agur hunkigarria; hauez gain datorren ikasturtean irakasle batzuk ere faltan botako ditugu, gure seme-alabentzat erreferente bikainak izan direnak edota eskolan urte luzez orain garena izaten lagundu eta bultzatu dutenak. Guztiei zorte ona opa diegu beraien ibilbide berri honetan.

Egun hau antolatzeko jende askoren laguntza behar izan dugu, eskolako kideak zein ikasle ohiak, herriko eragileak, tabernak eta komertzioak… hauxe da gure Ikas-komunitatearen oinarria, eskola eta herri bat eginda. Azpimarratu erraldoi eta buruhandien konpartsaren lana, giro aparta izan zen goizean. Bestalde, HH2ko gurasoak ere txalotu, indartsu sartu dira eskolan eta hor izan dira beste guztiekin batera tope lanean eta festan!

Amaitzeko herrian gurekin dohaintza bat egin edo erraztasunak eman dizkigutenak ere aipatu nahiko genituzke: Udala, Joxean harategia, Garazi Loradenda, Edurne fruta-denda, Urraki komertziala, Ogi-zuri, Dia supermerkatua, Andola, Bordatxo taberna eta Egarri taberna.

Balorazio ofizialaren berri izango duzue eta jasotakoa kontutan izanik lanean jarraituko dugu.
Eskerrik asko guztiei eta uda ona pasa dezazuela!"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!