Zizurkilgo jostailuen truke azokarako epea zabalik

Naiara Roldan de Aranguiz 2013ko aza. 8a, 11:38

Azoka azaroaren 21 eta 22an ospatuko da baina jostailuak 18 eta 20 bitartean Atxulondo kultur etxean utzi behar dira

Zizurkilek hirugarrengoz Jostailuen Trukerako Azoka ospatuko du datorren azaroaren 21 eta 22an, 17:00etatik 20:00etara Atxulondo kultur etxeko areto nagusian. Azokaren izenak argi azaldu bezala, helburua trukea da eta horrenbestez ez da dirurik onartuko jostailuak eskuratzeko orduan.

Azokan parte hartu ahal izateko berriz, jostailu, joko eta ipuinak aldez aurretik eraman beharko dira Zizurkilgo kultur etxera. Horretarako, antolatzaileek azaroaren 18, 19 eta 20a ahalbidetu dituzte; 11:00-13:00 eta 16:00-20:00 bitarteko ordutegian. Bertan uzten den elementu bakoitzeko txartel bat jasoko du erabiltzaileak, eta txartelak azoka egunetan jostailu eta joko berriak eskuratzeko bidea emango dio.

Trukatu beharreko jostailu eta jokoak adin guztientzat egokitutakoak izan daitezke, betekizun bakarra berriz, jokorako elementuak egoera onean egotea da.

Jokoak eraman eta hartzeko orduan muga zehaztu dute antolatzaileek: haur bakoitzak gehienez hiru jostailu, joko edo ipuin eraman eta eskura ditzake.

Jostailuak eskuratzeko orduan, haurren batek baino gehiagok joko zehatz bat etxera eramateko intentzioa azalduz gero, erabakia antolakuntzaren esku geratuko da. Hau da, jostailu horren alde azaldu diren haurren arteko zozketa burutuko dute antolatzaileek.

Informazio gehiago eskuratu nahi duenak Zizurkilgo Udaleko webgunera jo dezake: www.zizurkil.com.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!