Ekainaren 24tik uztailaren 19ra egingo dira udalekuak Aiztondo bailarako Aduna, Alkiza eta Larraulgo udalerrietan. 3 eta 6 urte arteko umeek ludoteka zerbitzua izango dute eta 6 eta 12 urte artekoek, berriz, udaleku irekia. Astelehenetik ostiralera, goizero, 09:00etatik 13:00etara eskainiko du zerbitzua Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak.
Gaztetxoek hainbat ekimen egin ahal izango dituzte lau astetan eta tartean irteerak ere izango dira. Ekainaren 27an, esaterako, Hondarribiko aterpetxera gaua pasatzera joateko aukera emango zaie gazteei. Horretarako 30 euro gehiago ordaindu beharko ditu ume bakoitzak.
Apirilaren 26ra arte izen emateko aukera dute hiru herrietako gaztetxoek, etxean jasotako eskabidea bete, eta herrietako kultura bulego edota liburutegian utzi beharko dute. Izena ematerakoan, 95 euro ordaindu beharko dira haur bakoitzeko, eta bigarren senideak parte hartuz gero, hark 85 euro ordaindu beharko ditu.