ELKARRIZKETA

«Txukuntzen bada ongizatea eta lasaitasuna lortzeko erreminta»

Asier Imaz 2024ko api. 12a, 07:59
Maitane Ormazabal Larzabal Tolosaldeko Ataria-n. A. IMAZ

Antolatzaile profesionala da Maitane Ormazabal Larzabal (Lasarte-Oria, 1979) eta Txukuntzen proiektuan hezurmamitzen da bere egitekoa. Etxe zein lantokietara gerturatzen da antolaketa eta ordena hobetu asmoz.

Ataria irratia-n saioa izan du Maitane Ormazabal Larzabalek aurreko denboraldietan, telefonoz egiten zituen kolaborazioak eta orain lehenengoz zapaldu du Ataria-ko estudioa bere lanaren nondik norakoen zirrikituen berri emateko.

Galdetzen dizutenean zertan egiten duzu lan, zein da zure erantzuna?

Pertsonen espazioak antolatzen eta ordenatzen ditut. Zehatzago esanda, haien etxeetan egon daitezkeen espazio ezberdinak eta baita lan eremuko beste zenbait. Esaterako, bulegoak, denda txikiak, biltegi handiak...

Zer da Txukuntzen?

Antolatzaile profesional zerbitzua da. Izena nondik atera nuen galdetzen didatenean, erantzuten dut berez ez dela izena, izana dela. Txikitatik txukuntzea bizitzeko modua izan dut. Zertan nenbilen galdetzen zidatenean, erantzuna «txukuntzen!» izaten zen, beti bainengoen txukuntzen.



Enpresa egitura duzu?

Bai, enpresa moduan; negozio bat da. Zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditut; baina funtsean, norbaitek deitzen dit bere arazoa azalduz eta nik zerbitzua eskaintzen diot arazoa konpontzeko. Arazoa bi modura konpon daiteke: lehenik, aholkularitzaren bitartez; hau da, nik gomendio eta irizpide batzuk emango dizkiot arazoa konpontzeko, eta pertsonak berak egingo luke lanketa fisikoa. Eta bigarrenik, gomendio eta irizpideak eman, baina bigarren fasean ni naiz lanketa fisiko hori egingo duena.

 

«Funtsean, norbaitek deitzen dit arazoa azalduz eta nik zerbitzua eskaintzen diot arazoa konpontzeko»



Azken batean, jendeak espazio antolatuetan bizi nahi du, orokorrean, berez errazagoa zaigulako gehienoi. Nirekin kontaktuan jartzen direnek bai, baina maiz ez dute denborarik edo blokeatu egiten dira.

'Txukuntzen.eus' webgunea eta sare sozialak ere badituzu. Noiz erabaki zenuen pauso hori ematea?

7 urte betetzera noa. Familian badugu negozio propiorako tendentzia hori. Justu aurten, Lasarten, izeba-osaben Ormazabal loradendak 100 urte beteko ditu. Honela, negozio propioa edukitzeko gogoa banuen, baina gaur egungo munduan badago jada dena asmatuta. Horrelako gau kurioso bat izan nuen eta bat-batean bilaketa batean ikusi nuen bereziki Madrilen eta Bartzelonan Espainiar Estatuari dagokionez, eta munduan barrena, Australian, AEBetan, Japonian, Ingalaterran... bazegoela figura bat oso kuriosoa espazioak antolatu eta ordenan jartzen zituena. Niretzat horren naturala eta horren erraza den zerbait, benetan jada lanbide bihurtu dute? Eta ez orduan, hainbat lurraldetan jada 25-30 urtez lanean ari ziren antolatzaile profesionalak. Orduan, hasi nintzen informazio horri tiraka, eta motibatu bat naizenez eta nahiko frikia, ba aurkikuntza nahiko potentea izan zen niretzat. Gerora, bidea polita izan da eta baita gogorra ere, noski. Ekintzailetza oso kañeroa delako.

Denak gau batean abiapuntua du. Gau horretan zer pasa zen kontatzea dago?

Bai! Insomnioa! Inspirazio-insomnio-gau-bat izan zen.

Orduan, ume txikienak 6 urte zituen, zaharrenak 11; amatasunean urte askotan oso murgilduta egon eta gero, bazen garaia nik neuk neure buruarengan pentsatzeko. Azkenean, zeure buruarengan sinesten duzulako: «Nik uste gaitasuna izan dezakedala». Ilusioa ere bazegoen, noski. Egia esan, hala ere, sorpresa polita izan zen hau aurkitzea. Izan ere, pasio handiko eta oso motibazio handiko pertsona naizenez, hau aurkitzerakoan, tiraka-tiraka hasi nintzen, eta gau osoa pasa nuen informazio bila. Hurrengo egunean ez nengoen batere nekatuta; horrek dauka, azken finean, pasioak eta motibazioak: bat-batean energiaz gainezka jartzen zaituela.

Bide ona aukeratu zenuen seinale.



Posible da. Argi dagoena da niri energia asko eman zidan bide bat izan zela, eta horrek badu garrantzia. Gertatzen dena da ekintzailetzak baduela lan asko, ikusten ez den lan asko gainera.

Txukuntzen sortu aurretik zer lan egiten zenuen?

Unibertsitateko ikasketak egin nituen. Turismoa eta Aisiaren kudeaketarako masterra, baita bestelako ikasketak ere. Oso bideratuta nengoen ikasitako horretara, benetan asko gustatzen zitzaidalako, baina bat-batean amatasuna iritsi zen. Izan ere, nik ordura arte ez nuen inolako asmorik umerik izateko, baina gogoa sartu zitzaigun bikoteari eta biori, eta 27 urterekin ama izan nintzen; gaur egun oso goiz izango litzatekeena. Amatasun horretan garrantzia eman nion haurren zaintzari. Orduan, unibertsitatean ikasitako horiek albo batera utzi nituen eta denda erraldoi batean lanean hasi nintzen, non antolaketak eta ordenak berebiziko garrantzia duen. Hori niretzat erraza izan zen eta izugarrizko erraztasuna hartu nuen; beti geunden aldaketekin, antolaketarekin... Jendea laguntzea betidanik izan da niretzat gai garrantzitsua, oso ondo sentiarazi nauena. Esan daiteke beraz, ikasketetatik baino gehiago ikasi dudala enpresa handi honetan egindako urtetan.



Berezkoa ere banuen, noski. Familiatik datorrelako antolaketa eta ordenarekiko gena. Erakusten dizute balio moduan, ez zen aukera bezala, bizitzeko modu bat zen, azken finean. Beraz, hortik etorri da guztia.

Ekintzailetzari ekiteko aurreko lana uztea zaila izan zen?

Ez. Lan horretan egotearen arrazoi nagusia ordutegia zen; ordutegi oso malgua eskaintzen zidaten txikiekin egon ahal izateko; dena txikien ordutegiaren arabera moldatuta nuen.

Alde batetik, pena sentitu nuen uzterakoan, urte dezente pasatu nituelako bertan, baina jada oso zentratuta nengoen egin nahi nuen horretan. Sinistu egiten nuen. Hitz egiten ari gara 2017. urteaz, orduan Marie Kondo oraindik ez zen ezagun. Marie Kondo ordenaren guru bezala ezaguna izan zen Japonian, eta gerora, mundu zabalera oso-oso ezagun egin da. Nik 2017. urtean, lehen urte eta erdian, denbora gehiena pasatzen nuen esplikatzen zertan zetzan nire lana. Jendeak ez zekien, ez zuen ezagutzen antolatzaile profesionalaren figura. Egia esan, gaur egun jende askok ez du oraindik lanbidea ezagutzen. Eskerrak komunikabideei gure lanaren berri ematen duzuelako honelako elkarrizketen bitartez.

Esplikatu beharra nuen ez nintzela ez dekoratzailea, ez garbitzailea, ez psikologoa, ez coach-a, ez diseinatzailea, ez barne diseinatzaile-arkitektoa, baina nolabait ere hori dena ere egiten nuela. Eta ez zizka-mizka, baizik eta beste modu batera. Nik mikroan egiten dut lan.

Izena lehen momentutik argi izan zenuen?

Txukuntzen izena lehen momentutik etorri zitzaidan burura. Nire lankideek orduko denda handi horretan maiz entzuten zidaten «txukuntzen» eta «txukun-txukun» esaerak. Gerora ere konturatu naiz izenak baduela hitz jokoa, «txukun» eta «zen». Oso ordenatuak garenak, perfekzionismoarekiko erlazio handia dugunok, ikasketa prozesu bat dugu lasaiago bizitzeko. Beraz, txukuntzen ere bada ongizatea eta lasaitasuna lortzeko erreminta. TxukuntZen horregatik ere logotipoak egiten dio erreferentzia hitz jokoari.



Proiektua martxan jartzeko formakuntzari nondik heldu zenion?

Lehen fasean, konturatzen zara erraztasuna baduzula, baina ekintzailetzak badu iruzurgilearen sindromea delakoaren tendentzia hori. Orduan, lehen kontua eskola bat bilatzea izan zen. Ez zegoen apenas eskolarik. Madrilen aurkitu nuen eskola bat; kurtso interesgarri bat egin nuen, baina bertan antolaketa eta ordenaren inguruan ez nuen ezer ikasi. Beste gauza batzuen inguruan ikasi nuen, agian antolaketa eta ordenaren inguruan negozio bat bideratzeko zenbait gauza... Mundu honetarako gerturatze bat izan zen. Madril inguruan zer existitzen zen usaintzen hasteko eta ideiak hartzeko baliagarria izan zen. Gerora, ikasketa nagusia izan da negozioa eramatearen ingurukoa. Hernaniko Iturola co-working-ean egon nintzen, eta bertan gauza asko ikasi nituen. Gerora, ekintzaile gehienoi gertatzen zaigun bezala sare potente eta mardul bat sortzen duzu eta umiltasun osoz galdetu egiten dut. Hasieran bereziki dena zen galdera. Horretaz gain, Emekin-en egon nintzen, gaur egun nik eskaintzen dizkiet bertan emakume ekintzaile berriei mentoring-ak. Nik nire hanka-sartzeen inguruko zerrenda aurkezten diet orduan, atzera eginez, beste era batera egingo nukeela azalduz. Haiek informazio hori izan dezaten, aurrez jakin dezaten ekintzailetza oso bide polita baina oso bide gogorra dela. Onena sare polit bat edukitzea eta gauzak umorez hartzea da. Ekintzailetza bada zure beldurrei aurre egiteko modu polit bat. Frustrazioa izaten da tartean eta umiltasun handia behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!