‘Gora teloia’ lelopean antzerki aldia egingo dute Aiztondon

Jon Miranda Labaien 2024ko api. 9a, 16:42

Bihar hasita, apirilaren 26ra arte emanaldiak izango dira Aiztondoko Larraul, Aduna, Asteasu eta Zizurkilen; adin guztietako publikoarentzat prestatu dituzte emanaldiak

Larraul, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udalek Gora teloia izenarekin antolatzen duten antzerki zikloa aurkeztu dute. Bihar hasiko da programazioa eta hilaren 26ra arte adin guztietako herritarrentzako emanaldiak izango dira Aiztondo bailarako lau herrietan.

Iazkoak arrakasta izan zuela ikusita antolatu dute aurten bigarren edizioa eta Pili Legarra Asteasuko alkateak nabarmendu du lau herrien arteko elkarlanaren emaitza dela egunotarako antolatu duten antzerki zikloa. «Udalerrietako bakoitzak bere aurrekontuarekin programazio mugatu bat baino ezingo luke eskaini eta lau herriek ekarpena eginda, antzerki aldi indartsu eta interesgarri bat antolatu dugu», esan du Legarrak. Gaineratu duenez, lankidetzari esker ia hilabete osoa hartuko duen programazioa eskaintzeko moduan izango dira lau herriak.

Aiztondo bailarako lau udalerrien arteko elkarlanari balioa eman nahi izan dio, baita ere, Kristina Rodriguez Adunako alkateak. Era berean, adin tarte ezberdinetara egokitutako obrak ikusteko aukera izango dela azpimarratu du: «Umeak antzerki mundura hurbildu eta gaztetxoei zuzendutako antzezlan ezberdinak eskaintzen jarri ditugu gure indarrak». Tartean izango dira herriko ikastetxeekin antolatutako emanaldiak. Zizurkilen, esate baterako, Pello Mari Otaño eta San Millan eskoletako umeek saioak eskainiko dituzte apirilaren 18an Atxulondo kultur etxean.

Haurrei zuzendutako programazio horretan egin du azpimarra Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak ere. Apirilaren 15ean, 16an eta 17an Atxulondo kultur etxean ikastetxeetako haurrentzat izango diren emanaldiak aipatu ditu. Gaztetxoenei zuzendutako programazioa, dena den, bihar abiatuko da Asteasun. Pello Errotan Uxa Uxa beldurra antzerki lana izango dute gaur arratsaldean, eta apirilaren 24an, Munduari bira 80 egunean obraz gozatzeko aukera izango dute.

«Eskertzekoa da, benetan, ekimen honen antolakuntzan bailarako ikastetxeek agertu duten inplikazioa», esan du Rodriguezek. Adin tarte ezberdinak kontuan hartzearekin batera, bailarako herri ezberdinetan, gutxienez, saio bana eskaintzeko ahalegina egin dutela aipatu dute bailarako hiru alkateek. Horregatik, Larraulen apirilaren 23an ipuin kontaketa saio bat izango da eta beste antzerki lan bat eskainiko dute, Adunan, apirilaren 26an.

Familia osoarentzat

Helduentzako programazioari dagokionez eskaintza «interesgarria» izango dela aipatu du Amenabarrek. Adunan, Asteasun eta Zizurkilen emanaldi bana prestatu dute horretarako. «Adunan, adibidez, Kutsidazu bidea, Ixabel lana ikusteko aukera izango da hilaren 17an, frontoian; Asteasun, berriz, Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolistok eskainiko dugu udaletxeko ikus-entzunezkoen aretoan apirilaren 25ean; eta Zizurkilen, apirilaren 21ean, Atxulondo kultur etxean, Jon Plazaolaren umoreaz gozatzeko aukera izango da Irabazi izeneko emanaldiarekin». Sarrera guztiak doakoak izango dira, baina azken honetan, hiru euroko sarrera kobratuko dute antolatzaileek.

Aiztondo bailarako lau herriren arteko elkarlanaren emaitza bezala aurkeztu dute II. Antzerki Aldia eta alkateek antolatutako saioetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak eta baita bisitariak ere. «Teloia altxa dugu eta Aiztondo bailaran agertokiak prest egongo dira datozen asteetan», esanez amaitu du agerraldia Zizurkilgo alkateak.

II. Aiztodoko antzerki aldia
  • Apirilak 10, asteazkena
    Asteasu
    • 15:00. Pello Errota eskolan Uxa Uxa beldurra antzerki lana.
  • Apirilak 15, astelehena
    Zizurkil
    • 11:00. Atxulondo kultur etxean Haur Hezkuntzako 3 -5 mailetako ikasleentzat Beldartxo jatuna.
  • Apirilak 16, asteartea
    Zizurkil
    • 11:00. Atxulondo kultur etxean LHko 1-3ko ikasleentzat Frankestein lana.
  • Apirilak 17, asteazkena
    Zizurkil
    • 11:00. Hodei magoa lana eskainiko dute LHko 4-6 mailakoentzat Atxulondo kultur etxean.
  • Apirilak 18, osteguna
    Zizurkil
    • 11:00. Otaño eta San Millan ikastetxeetako ikasleen saioa Atxulondo kultur etxean.
  • Apirilak 19, ostirala
    Aduna
    • 21:30. Adunako pilotalekuan Kutsidazu bidea, Ixabel antzerki lana.
  • Apirilak 21, igandea
    Zizurkil
    • 19:00. Atxulondo kultur etxean Jon Plazaolaren Irabazi. Sarrerak 3 euroan.
  • Apirilak 23, asteartea
    Larraul
    • 18:00. Gune polibalentean Yogi ipuinak lana.
  • Apirilak 24, asteazkena 
    Asteasu
    • 15:15. Pello Errota eskolan Munduari bira 80 egunean antzerki lana.
  • Apirilak 25, osteguna
    Asteasu
    • 19:30. Udaletxeko ikuskizun aretoan Futbolistok antzerki lana, Zuhaitz Gurrutxagarekin.
  • Apirilak 26, ostirala 
    Aduna
    • 16:15. Elordi elkartean Egunen batean obra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!