Liztor beltzaren aurkako kanpaina abiatu dute Aiztondo bailaran

Jon Miranda Labaien 2024ko api. 4a, 19:59

Balerdipeko Erleak elkarteko kideek liztor beltza harrapatzeko tranpak jartzeko zerbitzua eskaintzen dute; sei astetan 60 tranpa edukiko dituzte jarrita Asteasun, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen

Liztor beltzaren aurka Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako tranpatze kanpainaren barruan lanean ari dira Aiztondon. Liztor beltzaren presentzia handia ikusita erlezainek gaian esku hartzeko eskatu zieten bailarako udalerriei. Amasa-Villabonako, Zizurkilgo eta Asteasuko udalek sei astez kanpaina hau gauzatzeko lana eman diote Balerdipeko Erleak elkarteari. Lanen erdiak eginda,balorazio «positiboa» egin du Mattin Jauregi (Ikaztegieta, 1998) erlezainak. «Urte batzuetako jarraipena egin ondoren ikusiko da zenbateko eraginkortasuna duten tranpa hauek. Egia da, Bergaran, adibidez, lan hau egina dutela eta liztorren habia gutxiago sumatzen dituztela».

Liztor beltza espezie inbaditzailea da eta 2004an agertu zen lehen aldiz gure artean. Udazkenean hibernatzen dute eta udaberrian egiten dituzte habiak liztor berriak ateratzeko. Gero, uda aldera, bigarren mailako habiak egin eta bertan indartzen eta handitzen da liztorren populazioa. Jauregiren hitzetan hazkunde azkarra du liztor beltzak eta 200 aldiz erreproduzitu daiteke. «Garrantzitsua da tranpatzeak habia primario horiek jartzen dituzten garaian egitea».

Tokiko dibertsitateari kalte egiten dion espeziea da liztor beltza. Erle asko hiltzen ditu. Adituen esanetan, liztor batek egunean hiru erle akabatu ditzake. «Ez da liztorrak erlea hiltzen duela soilik, beldurtuta erlauntzetik atera gabe geratzen da eta ez da gai izaten behar duen elikagaia biltzeko. Erlea gosez hiltzeko arriskua dago», dio Jauregik. Erlezainek liztorraren aurka daramaten borrokaren berri eman du: «Erleak bestela ere badauzka nahikoa arazo. Varroa, kutsadura edota deforestazioak ez diote mesederik egiten, eta horri, liztor beltzaren arriskua gehitzen badiozu oraindik ere gehiago ahultzen da erlea».

Aurreko urteetan habiak azaldu diren tokietan eta inguruetan jarri dituzte tranpak. «Toki antzekoetan ibiltzen dira urtero eta habiak egiteko behar duten zelulosa hori sortzeko ur asko behar dutenez, erreketatik nahikoa gertu egoten dira». Erreferentzia horiek kontuan hartuta jarri dituzte tranpak, iaz kendutako habia bakoitzeko, pare bat. Zizurkilen 34, Amasan eta Villabonan 18 eta Asteasun 8.

ESFERA FORMAKO TRANPAK

Balerdipeko Erleak elkartekoek jartzen dituzten tranpak esfera formakoak dira. Barruan erakargarri bat izaten dute eta distantzia batera hura usainduta gerturatzen dira liztorrak esferara. Barrura sartzeko gai dira, baina ateratzea asko kostatzen zaie eta bertan itotzen dira. Jauregik nabarmendu du ez direla tranpa selektiboak: «Beste espezietako intsektuak ere eror daitezke tranpa horietan. Guk asteroko kontaketa egiten dugu, besteak beste, erakargarria aldatzeko eta ikusten badugu bertako liztor asko erori dela tranpan edo beste intsektu asko geratu direla bertan harrapatuta, tranpa hori erretiratu egiten dugu». Oraingoz, ordea, tranpa ez selektibo hauek dira eraginkorrenak Balerdipeko Erleak elkarteko kidearen ustez. «Ez diegu azterketa genetikorik egin, baina garai honetan erreginak izaten dira liztor gehienak».

Hiru aste daramatzate hiru herrietako tranpak gainbegiratu eta kontaketa egiten eta bigarren astean, esate baterako, 600 liztor beltz baino gehiago harrapatu zituzten. Azkeneko astean, 138 izan dira. «Kopurua ez da beti berdina izaten, eguraldi hotzagoarekin liztorrak ez dira hainbeste mugitzen eta erakargarriak ere ez du hainbesteraino funtzionatzen».

Jauregik esan du kanpaina honekin herritarrak sentsibilizatzeko asmoa ere badutela eta horregatik jarri dituztela tranpen aldamenean argibideak emateko kartelak. Horrekin batera, liztor beltzen habiak ikusiz gero, herritarrei abisua emateko deia ere luzatu du: «Garrantzitsua da beste aldera ez begiratzea. Udalari edo Udaltzaingoari hots egin eta haiek arduratuko dira habia identifikatzeaz eta hustuta ez badago husteaz».

Hiru aste barru jakingo dute Balerdipeko Erleak elkarteko arduradunek zenbat liztor beltz bildu dituzten Aiztondon. «Ez du esan nahi tranpatzearen ondorioz liztor beltzaren 300 habia gutxiago egongo direnik bailaran, baina gutxienez, uste dut liztorrek erleengan eragindako kaltea txikiagoa izango dela; edo hori espero dugu behintzat». Liztor beltza ez da berria gure artean eta erlezainak haren kontrako borrokan ari dira. Erlategi inguruetan tranpak jarri eta elkarrekin erlea babesteko lanean ari dira Aiztondoko erlezainak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!