Gaur goizean egin dituzte Buruz Buruko Txapelketaren zozketa eta aurkezpena, Urdaibaien (Bizkaia), eta norgehiagoka interesgarriak izango dira, asteburu honetatik hasita. Final-zortzirenetako kanporaketako partidak izango dira, bihartik igandera. Bihar, Zabalak Urrutikoetxearen –Mariezkurrena II.aren ordez sartu da– aurka jokatuko du, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Larunbatean, Laso eta Bakaikoa ariko dira aurrez aurre, Iruñeko Labriten.
Igandean, berriz, eskualdeko hiru pilotariren txanda izango da. Tolosako Beotibarren, Iñaki Artola alegiarraren eta Jon Ander Peña tolosarraren arteko partida izango da, 17:00etan hasiko den jaialdian. Zumaiako Aitzuri frontoian, berriz, Erik Jaka lizartzarrak Jose Javier Zabaletaren aurka jokatuko du; hau ere 17:00etan hasiko da. Binakako txapelduna azken hilabeteetan bikotekide izan duen Peio Etxeberriaren ordez jarri du Aspek, eta bera izango da txapelketako atzelari bakarra.
Behin asteburuko partidak jokatuta, erabakita geratuko dira final-laurdenetako ligaxkak. Launa pilotariko bi multzo izango dira, eta bakoitzak hiruna partida jokatuko ditu. Multzo batean, Jokin Altuna amezketarra eta Dario izango dira zain. Horiei, Lasoren eta Bakaikoaren eta Jakaren eta Zabaletaren arteko partidetako irabazleak gehituko zaizkie. Beste multzoan, Elordi eta Ezkurdia egongo dira zain, eta Artola edo Peña II.a eta Zabala edo Urrutikoetxea gehituko zaizkie.
Final-laurdenetako ligaxkako partidak hurrengo asteburuetan jokatuko dira. Altunak, esaterako, apirilaren 21ean jokatuko du txapelketako bere lehen partida, Bilbon, Lasoren edo Bakaikoaren aurka. Finalerdiak maiatzaren 18an eta 19an izango dira, Labriten eta Atano III.ean. Finala, berriz, ekainaren 2an izango da, Bilboko Bizkaia frontoian. Partida guztietarako sarrerak Entradasfronton.com webgunean erosi daitezke.