Herri txikien finantzaketa indartzeko akordioa lortu dute Eudelek eta aldundiak

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 27a, 11:58

Aurten egin asmo den egokitzapenarekin Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren %1,2 gordeko da 1.100 biztanletik beherako udalerrientzat. Tolosaldeko 20 herrik jasoko dute onura. 2025ean sartuko da neurria indarrean.

Gipuzkoako 1.100 biztanle baino gutxiago dute udalerrien finantzaketa indartu asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eudelek akordioa adostu dute. Udal Finantzaketarako Foru Funtsa arautzen duen foru arauaren artikulu batean jasotako banaketa eguneratu eta egokitzea eskatzen zion Eudelen Gipuzkoako Lurralde batzordeak aldundiari eta honek onartu egin du proposamena. Egokitzapena ekaina baino lehen egingo du eta neurria 2025eko Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren banaketan sartuko da indarrean.

Azken 30 urtean, biztanleriaren arabera herri guztiek jasotzen duten kuotaz gain, 1.100 biztanle arteko herrietako udalei kopuru gehigarri finko bat esleitu zaie, «herri txikiak izateak dakartzan zailtasun eta egoera berezituari aurre egiteko». Banaketa gehigarri hori berrikusi gabe zegoen 1994tik, eta orain bideratuko den aldaketarekin, gainerako herriek bezala biztanleriaren arabera jasotzen duten kuotaz gain, urte bakoitzeko Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren %1,2 gordeko zaie 1.100 biztanle arteko udalerriei. Ehuneko hori zati berdinetan banatuko da Gipuzkoako 32 udalerriren artean.

Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren balizko jaitsiera batek udalerri txikiak ez kaltetzeko asmoz, 1994ko foru arauak kopuru finko bat ezarri zuen –garai hartako %1,2aren arabera kalkulatutakoa–. Denboraren poderioz, ordea, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren kopuruak gora egiten jarraitu du, eta gaur egun, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek jasotzen duten kopuru finkoak, foru funtsaren %0,32 soilik suposatzen du. Ahalmena galdu dute, beraz, udalerri txikienek.

Tolosaldean 20 dira, 1.100 biztanletik beherako udalerriak: Berastegi, Amezketa, Lizartza, Berrobi, Bidania-Goiatz, Aduna, Ikaztegieta, Altzo, Leaburu-Txarama, Alkiza, Albiztur, Hernialde, Abaltzisketa, Belauntza, Larraul, Elduain, Orendain, Gaztelu, Baliarrain eta Orexa. Foru araua berrikusi eta hitz emandakoa betetzen bada, udalerri hauek 11.955.020 euro jasoko lituzkete 2025ean, aurreko metodologia jarraituz jasoko lituzketen 8.554.349 euroen aldean. Eskualdeko herri txikiek %71ko gehikuntza izango lukete Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren ekarpenean. 

Orexak, adibidez, orain arteko banaketa sistemarekin jasotzen zuena baino 159.317 euro gehiago jasoko ditu, %86,7 gehiago; eta 1.100 biztanleen mugan dagoen Berastegik, aldiz, 110.691 euro gehiago jasoko ditu 2025ean, %11,5 gehiago. Herririk handienek, metodologia berriarekin, galera izango dute ekarpenean. Tolosak, esate baterako, %0,94ko jaitsiera jasango du eta aldunditik, datorren urtean, 163.531 euro gutxiago jasoko ditu. 

Lurralde oreka iparrorratz

Foru agintariek esan dute lurralde oreka «funtsezko balioa» dela Gipuzkoaren etorkizunerako. Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu du herri txikiek «ezinbesteko» papera jokatzen dutela lurraldean. «Gure hizkuntzaren eta kulturaren arnasgune eta gordailu dira, landa ingurune bizia dute eta berau zaintzen dute, ekonomia aktibitatearen eta enpleguaren ikuspegitik ere oreka bermatuz».

Gipuzkoako 32 udalerri txikienek —horietatik 20 Tolosaldekoak dira—, baliabide gehiago izango dituzte zerbitzuak «modu eraginkor eta efizientean» emateko eta herritarren eskaerei erantzuna emateko.

Duela urtebete inguru Tolosaldeko sei alkatek, foru hauteskundeen testuinguruan argitara emandako gutun batean planteatutako kezkari erantzutera dator Gipuzkoako Foru Aldundiaren oraingo erabakia. Sei alkate horiek bultzatu dute gogoeta Eudelen Gipuzkoako Lurralde batzordean. Arauaren egokitzapen hau udalen «autonomian eta nahikotasun finantzarioan» egindako aurrerapen bezala baloratu dute Eudelen Gipuzkoako Lurralde batzordean aritzen diren ordezkariek. Tartean dira Tolosako, Orexako eta Alkizako alkateak. 

Orain, Eudeleko Gipuzkoako Lurralde batzordearen izenean, Izaro Elorza Oñatiko alkateak bide baten abiapuntu bezala hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lortu duten akordioa: «Bide baten hasiera da, non hausnarketa zabalagoa egin behar den. Gainerako erakundeekin elkarlanean bidea urratzen jarraituko dugu guk, Gipuzkoako herritar guztiei mesede egingo dieten akordioak lortzeko. Lurraldeko udalerri guztien aurrerapen sozial eta ekonomikoaren alde segituko dugu, txikienetik handienera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!