Altuna III _ Binakako Finala 2024

Altuna III.ak erakustaldia eman eta finalean da Martijarekin batera

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 17a, 19:28
Altuna III.a eta Martija elkarri besakartzen, finalerako txartela lortu berritan. EITB.EUS

Altuna III-Martija bikoak 22-9 irabazi diote Artola eta Imazi Binakako Pilota Txapelketaren finalerdietako partida erabakigarrian.

Ez da lehia esturik izan gaur Eibarko Astelena pilotalekuan. Jokin Altuna amezketarrak bere joko onena erakutsi du eta 13 tanto egin eta bi bakarrik galduta, finalerdian agindu egin du. Martijak partidan lagundu dio, erakustaldirik eman gabe, baina pilotarik galdu gabe. Iñaki Artola alegiarrak ezin izan du txapelketan zehar askotan erakutsi duen bere maila on horretara iritsi, eta tarteka pilota astindu badu ere, ez du hainbeste asmatu tantoak amaitzen. Imazek ez du erakutsi txapelketan zehar eman duen sendotasuna atzean, eta bost pilota galdu ditu, horietako batzuk erraz eramatekoak.

Altuna III.a «oso gustura» azaldu da partida amaitzean, berriro ere binakako finalean izango delako, eta berriro ere Martijarekin: «Hasieratik sekulako sentsazioak izan ditugu. Beti lortu ditugu emaitza onak eta berrio finalean izatea oso berezia da. Gure aldetik maila oso ona eman dugu, baina beraiek ez dute txapelketako maila eman gaurkoan. Oso gustura nago Julenekin [Martija] jokatzen, eta orain dena ematera joango gara finalean». Eskuetatik ondo amaitu duela esan du amezketarrak.

Artolak bere aldetik azaldu duenez, «momentu honetan jokatu daiteken partida zailenetakoa da Altunaren aurka Eibarren. Niri kosta egiten zait. Aurkari zaila genituela bagenekien, eta gu hemen gutxi aritzen gara. Piloteoan frontisak asko jan egiten du, eta ni jarri ezinda egon naiz. Egun garrantzitsuetan egokitu daiteke Astelenan jokatzea, eta gehiago ohitu beharko gara frontoira». Partidan aurretik jartzea duen garrantziaz aritu da alegiarra: «Frontoian jokatzean zailtasunez gain, galtzen hasi garenean, beraien konfiantzak gora eta gureak behera egin du». Partida erabakigarria galduta txapelketaren balantzea egitea zaila dela esan du, baina txapelketa osorik begiratuta «sekulakoa» jokatu duela gaineratu du. Orain buruz burukoan jarriko du begirada Artolak: «Buruz burukora hasiberri bat bezala joango naiz. Txute bat izan da niretzat binakako txapelketa, eta uste dut maila ona erakutsi dudala». Azkenik, zaleei eskerrak eman die alegiarrak, eta gaur herritik Eibarrera abiatu denean, herritarrek eman dioten berotasuna eskertu du.

Binakako Pilota Txapelketaren finala martxoaren 31n jokatuko da, Iruñeko Nafarroa Arenan. Altuna III.ak eta Martijak Peio Etxeberria eta Zabaleta izango dituzte aurkari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!