Ibiurrera bisita gidatua antolatu du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 15a, 11:00

Martxoaren 22an ospatzen den Uraren Nazioarteko Eguna dela eta, zenbait ekintza antolatu ditu udalak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin elkarlanean. Martxoaren 24an izango da Baliarraingo urtegira irteera eta interesa duen orok parte hartu ahal izango du, aurrez izena emanda.

30 urte igaro dira jada Nazio Batuen Asanblada Orokorrak martxoaren 22a Uraren Mundu Eguna izendatu zuenetik. Egun horrekin bat eginez, lau ekintza antolatu ditu Tolosako Udalak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin elkarlanean. Horietako bat, Ibiur urtegi eta araztegira bisita gidatua izango da, martxoaren 24an, igandea. Ura nondik datorren eta etxera iritsi bitarte zein prozesu jarraitzen duen ezagutzeko aukera izango da. Hain zuzen Ibiur urtegiak hornitzen ditu Tolosa eta Tolosaldeko herriak.

Urtegiaren instalazioak bisitatuko dituzte, baita ura edangarri egiteko araztegi edo tratamendu planta ere. Prozesua gertutik ezagutzearekin batera, beste hainbat azalpen ere jasoko dituzte parte hartzaileek: uneoro presatik zenbat ur ateratzen den, zer den emari ekologikoa eta zertarako balio duen, urtegiak nola funtzionatzen duen edota uholdeak izateko arriskua dagoenean zein erabaki hartzen diren, besteak beste. 

Interesa duen orok parte hartu ahal izango du bisitan, aurrez izena emanda. Horretarako, tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera idatzi edo 687 702 049 telefonora deitu behar da. Autobus zerbitzua ere izango da: 10:00etan irtengo da Santa Klaratik eta 13:15 inguruan itzuliko da, leku berera.

Ibaiaren garbiketa, auzolanean

Udalak antolatutako beste ekintza bat Oria ibaiaren garbiketa izango da. Datorren astean, Tolosako hiru ikastetxeetako DBH 2. eta 3. mailako ikasleek, guztira 290 inguru, garbiketa lanak egingo dituzte Oria ibaian. Plastikoak eta bestelako hondakinak bilduta, bertako ekosistema zaintzea da egitasmo honen helburua. Hain zuzen, Eskola Agenda 2030 egitasmoaren barruan kokatzen da ekintza hau.

Garbiketa lanak hiru egunetan egingo dituzte, goizez, eskola orduetan, eta egun bakoitzean ikastetxe bana arituko da lanean. Martxoaren 18an Laskorain Ikastolako ikasleak hasiko dira garbiketarekin; ikastolaren inguruan eta Alegiara bidean dagoen bidegorriaren inguruan arituko dira. Orixe Institutuko ikasleek jarraituko dute martxoaren 19an, Araba Etorbidearen parean. Herrikide Ikastetxekoek amaituko dute, hilaren 20an, Andre Maria elizaren atzeko eremua txukunduz.

Baranden azpialdeko sareak

Lurreko zaborrak errekara eror ez daitezen baranden azpialdean sareak ere jarriko dira herriko puntu gehiagotan. Dagoeneko sare horiek jarrita daude Zumalakarregi kalean, Berazubin, Euskaldun Berrien zubian eta Araba Etorbidean. Bada, aurten Iurre eta Iurreamendi auzoen eta Araba Etorbidearen arteko SAMeko zubian jarriko dira sareak.

Kontsumo arduratsua

Sentsibilizazioa ere landuko da Uraren Egunean. Hain zuzen, uraren kontsumo arduratsua sustatzea helburu duen kanpaina egingo da, eta horretarako, kontsumoari lotutako mezuak jarriko dira herriko iturrietan, tolosarrak baliabide hau zaintzeko eta kontserbatzeko beharraz kontzientziatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!