Mateu Estelrich izan da azkarrena

Leyre Carrasco 2024ko mar. 10a, 16:47

XIX. Aiztondo Klasikoa izan da goizean, eta 182 parte hartzaile izan ditu aurtengo edizioak; Mallorcako txirrindulariak irabazi du azken kilometroan erasoa egin ostean.

10:00etan eman diote hasiera XIX. Aiztondo Klasikoari. Guztira 26 talde izan dira aurtengo lasterketan parte hartu dutenak eta horietatik 182 txirrindulari aritu dira lehian. Probari hasiera eman baino lehen iazko uztailean zendu zen Txomin Perurena antolatzaile eta txirrindulariari aitortza berezia egin diote. Bertan, antolakuntzako kide eta erakundeetako ordezkariak egoteaz gain, Perurenaren senideak ere izan dira. Ohorezko aurreskua dantzatu diote eta minutu bateko isilunea ere egin dute Perurenaren omenez.

Omenaldia amaituta, txirrindularien txanda izan da. Irteera neutralizatuan irten dira txirrindulariak Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik Asteasura bidean. Parte hartzaileek 140 kilometro inguruko ibilbidea egin behar izan dute Aiztondoko herrien barrena.

Erorikoak izan dira tartean, baina azkenean, Mateu Estelrichek (Essax – Grupo Arrfran) lortu du aurtengo Aiztondo Klasikoko garaipena. Mallorcako gaztea azken kilometroetan sartu da lehen multzoan, eta eraso eraginkorra egin ostean, gainerako txirrindularietatik urrundu eta helmuga lehena zeharkatu du. Segundo gutxira, Haimar Etxeberria (Finisher) eta Ander Ganzabal (Laboral Kutxa) helmugaratu dira aurtengo podiuma osatuz.

Sailkapenak

  • Sailkapen orokorrak:
    1. Mateu Estelrich (Essax – Grupo Arrfran): 03:15:06
    2. Haimar Etxebarria (Finisher): +03
    3. Ander Ganzabal (Laboral Kutxa): +03
  • Esprint berezien saria: Daniil Kazakov
  • Mendiko saria: Daniil Kazakov
  • Taldekako sailkapen saria: Finisher
  • 23 urtez azpikoen mailako Espainiako Kopako liderra: Haimar Etxeberria
  • Elite mailako Espainiako Kopako liderra: Vojtech Kminek

Sailkapen guztiak Fistcycling.com webgunean ikusgai.

Erlazionatuak

XIX. Aiztondo Klasikoa, iruditan

Tolosaldeko Ataria mar 11

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!