IX. Lanbide Heziketa Azoka 2024

Martxoaren 15ean eta 16an, IX. Lanbide Heziketa Azoka

Jon Miranda Labaien 2024ko mar. 6a, 16:37

Lau ikastetxek antolatu dute azoka eta pandemia aurreko formatura itzulita bi egunetan egingo da, datorren astean, Tolosako Trianguloan.

Bederatzigarren aldiz antolatuko dute martxoaren 15ean eta 16an Tolosaldeko Lanbide Heziketa Azoka. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, urtez urte sendotzen joan den ekimena izan da eta Tolosan antolatzen diren azoken artean, hitzordu edo topagune garrantzitsua bihurtu da.

Azokaren helburu nagusia Tolosaldean dagoen prestakuntza aukera zabaltzea bada ere, antolatzaileei garrantzitsua iruditu zaie azoka honi esker lortu duten indar-metaketa azpimarratzea. «Lanbide Heziketako hezkuntza komunitatea osatzen dugun ikastetxeoi lankidetza testuingurua ireki digu elkarrekin antolatzen dugun azoka honek». Tolosaldeko Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuak, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastolak, Fraisoro Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuak eta Peñascal Kooperatibak antolatzen dute azoka.

Pandemia aurreko formatua berreskuratuta

Tolosaldean Lanbide Heziketaren arloan aritzen diren ikastetxeen eskaintzaren berri ematea da datorren martxoaren 15ean eta 16an egingo duten azokaren helburua. Ikastetxe bakoitzak eskaintzen dituen ziklo eta familia profesional ezberdinetako ikasketen inguruko azalpenak emango ditu zuzenean. Tolosako Trianguloan egingo duten azokarekin Lanbide Heziketaren arloan egiten den eskaintza herri mailan zabaldu nahi dute.

Gaur Lehiberri zentroan aurkeztu dute azoka Tolosako Azoketako zinegotzi Aitor Agirresarobek, Tolosaldea Garatzeneko kudeatzaile Joxe Luis Urdangarinek eta antolakuntzan dabiltzan ikastetxeetako ordezkariek. Aurten, pandemia aurreko formatura itzuliko dira, bi eguneko azoka antolatuz, lehen eguna inguruko ikastetxeetako ikasleei zuzenduko zaie, eta larunbatekoa, berriz, herritarrei. Lanbide Heziketako zentroen jarduna herriari eta eskualdeari erakutsiko diote.

Iragarri dutenez, datorren martxoaren 15ean Tolosaldeko ikastetxeetako DBH eta Batxilergoko ikasleei zuzenduko diete azoka. 09:00etatik 14:00etara bisita gidatuak antolatuko dituzte. Ikastaldeak dagokien arduradunarekin joango dira aldez aurreko hitzordua eskatuta. Behin bertan direla antolatzaile batek azokaren postu ezberdinetatik gidatuko ditu bisitariak, beharrezko azalpenak emanez. «Tolosaldeko Lanbide Heziketako ikasketen ezaugarri orokorrak azalduko zaizkie ikasleei, euskarari eta genero ikuspegiari aparteko aipamena eginez», esan dute ikastetxe antolatzaileek.

Ostiraleko bisita gidatua egiteko, aurrez ikastetxeetako zuzendari eta orientabide arduradunekin harremanetan jarri eta azokara azaltzekoak diren ikasle eta taldeen banaketa txandak antolatu dituzte. Tolosatik Laskorain ikastola, Orixe ikastetxea eta Herrikide ikastetxea azalduko dira; Amasa-Villabonatik Erniobea ikastetxea eta Zubimusu ikastola; Ibarratik Uzturpe ikastola; Alegiatik Aralar ikastetxea; Anoetatik Anoetako herri ikastola; Leitzatik Amazabal ikastetxea; Andoaindik Leitzaran ikastetxea; eta Beasaindik Beasain BHI.

Larunbatean, martxoaren 16an, Tolosaldeko bizilagun eta ikasleen gurasoei zuzendutako azoka irekia egingo da. 09:00etatik 13:00etara izango da zabalik. Bisitariek beren kabuz eskola ezberdinetako postuak ezagutzeko aukera izango dute. Azokan zehar gidari gisa ibiliko dira antolatzaileak, eta azalpen gehiago nahi dituenak bisita gidatua jasotzeko aukera izango du. «Ezaugarri orokorrak, hezkuntza eskaintza eta lan irteerak azalduko dira».

Lankidetza oinarri

Lanbide Heziketa Azoka jarduera soil batetik harago doala aipatu dute antolatzaileek, «eragin eta lankidetza» gune bihurtu dela. «Enplegua eta garapen ekonomikoa sustatzen duten beste eragile batzuk ere gurekin ditugu», esan dute.

Bederatzigarren aldia da azoka antolatzen dutela, eta beraz, gonbidapena luzatu diete herritar guztiei parte har dezaten. Tolosaldean Lanbide Heziketaren arloan egiten den eskaintza guztia ezagutzeko aukera izango da bi egunetan, martxoaren 15ean eta martxoaren 16an, Tolosako Trianguloan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!