M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2024

Tolosaldeko pentsiodunek zaintza duinak aldarrikatu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 4a, 17:29

Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako aldarrikapenekin, eta eskualdeko pentsiodunei dei egin diete martxoaren 8rako antolatutako mobilizazioetan parte hartzera.

Martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bi aldarrikapen egin dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: «gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte 14 ordainsaritan osatzeko eskaera eta, horrekin batera, guztiontzako zaintza duinak, etxean eta egoitzetan». Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du aldarrikapen horiekin.

Horrela, Harizpe, Iturritza, Beti Gazteak, Bizi Nahi eta E Duintasuna elkarteek deituta, elkarretaratze berezia egin dute, gaur, Tolosako Plaza Zaharrean. Bertan, argazki jendetsua atera dute, eta eskualdeko emakume eta gizon pentsiodunei dei egin diete Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatutako mobilizazioetan parte hartzera, guztientzako zaintza eta pentsio duinak aldarrikatuz. Ondoren, manifestazioa egin dute Alde Zaharreko kaleetan.

Hamar puntu zehazten ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren aldarrikapenak:

  1. Zaintzeko eskubideak unibertsala izan behar du.
  2. Zaintza-zerbitzuek kalitatezkoak izan behar dute.
  3. Zaintzak, zainduaren eskubideak eta autonomia bermatu behar ditu.
  4. Etxeko zaintza profesionalizatu egin behar da, integrala eta kudeaketa publikokoa izan behar du.
  5. Publikoa duten egoitzek eta eguneko zentroek zaintzaren kalitatea lehenetsi behar dute.
  6. Hurbilekoak eta komunitatearen partaidetza duten zaintza-zerbitzuak behar dira.
  7. Zaintzako langileek lan-baldintza duinak behar dituzte. Etxeko langileak zaintzaile profesional gisa aitortzea eskatzen dugu.
  8. Zaintza ezin da emakumeen kontua izan, ezta familia kontua ere.
  9. Gizonek erantzunkidetasuna izan behar dute zaintza-lanetan.
  10. Emakume guztiek pentsio duina behar dute. Asko aitortu gabeko zaintzaileak izan dira. Gutxieneko pentsioa, 1.080 euro orain!

Oneka emakume pentsiodunen plataformako kideek ere beraien aldarrikapenak partekatu dituzte martxoaren 8aren harira:

Emakumeen eskubideak defendatu nahi ditugu, oro har, eta, bereziki, adineko emakumeenak. Lehentasunezko konpromisoetako bat da zainduak izateko eskubidea gauzatzea, zahartzaro duina lortzeko helburuarekin.

Oso gogoan dugu gaur egungo adineko emakume askok, beren historian zehar eta bizitzako esparru guztietan, beste pertsonen zainketari dedikazio ia esklusiboa eskaini diotela. Hori guztia inolako ordainsaririk gabe eta nola ez, "maitasunez". Urte guzti horietan, gizarteari emandako Barne Produktu Gordinaren ehunekoa oso garrantzitsua izan da, eta hala ere, gizarte-eskubideez, bete gabeko erantzukizun publikoez eta administrazio horiek emakume horiekiko hartu duten erreparazio-betebeharraz ari gara.

ONEKAtik behin eta berriz azpimarratu nahi dugu zahartzaro duina bizitzeko eskubidea daukagula, guk errealitate bihurtuko dugun leku eta denboran. Berdintasuna aldarrikatzen dugu pertsona guztientzako eskubide guztiak gauzatzerakoan, eta zaintza-sistemari dagokionez, publikoa eta unibertsala izatea eskatzen dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!