Hamazazpi saltoki kalera aterako dira asteburuan

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 26a, 19:59

Stock Azoka egingo dute ostiral eta larunbatean Oria elkarteko kideek; herria girotzeko musika eta jolasak izango dira kalean.

Urteroko ohitura jarraituz, ostiral eta larunbatean, Stock Azoka egingo du Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Oria merkatari elkarteak. 17 denda kalera aterako dira euren eskaintzarekin. Ostiral arratsaldean, eta larunbat goizean gozatu ahal izango da azokaz.

Merkatari elkarteko lehendakari Garazi Dorronsorok azpimarratu duenez, saltokiek eskaintzarik «onena» aterako dute kalera asteburu honetan euren bezeroentzat: «neguko produktuak prezio ezin hobean eskuratzeko aukera izango da Stock Azokan».

Herria girotuko dute

Saltokiek eskainiko dituzten maukez gain, Dorronsorok azpimarratu du herrian kale giroa egotea gustatzen zaiela merkatariei eta hori dela eta musika eta umeentzat jolasak antolatu dituztela astebururako. Oria merkatari elkarteko kideek adierazi dutenez, trikitilariak ibiliko dira kalez kale, ostiralean 17:30etik 19:30era, eta larunbatean berriz, 11:00etatik 13:00etara. Ordutegi horretan eskainiko dira haurrentzako jolasak ere.

«Helburua merkataritza txikia babestea da eta horregatik animatu nahi ditugu gure bezero guztiak gerturatu daitezen», azpimarratu du Dorronsorok. «Ea modu horretara herriko giroa eta saltokiak alaitzen ditugun, horretarako beharra ere badagoelako», gaineratu du elkarteko lehendakariak.
Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Stock Azokara gerturatzeko deialdia zabaldu diete merkatariek herritar eta bisitariei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!