Txirrindularitzak badu etorkizuna Aiztondon

Imanol Garcia Landa 2024ko ots. 22a, 21:27

Danena Kirol Elkartearen eta Andoaingo Txirrindulari Eskolaren txirrindularitza taldeen aurkezpena egin dute Villabonako Gurea aretoan. Gaur egungo taldeak igo dira oholtza gainera, eta Danenaren txirrindularitzaren historiari ere errepasoa egin zaio.

Iragana eta oraina elkartu dira Gurea aretoan. Zizurkilgo Danena Kirol Elkartearen eta Andoaingo Txirrindulari Eskolaren txirrindularitza taldeko kideak aurkezteaz gain, aukera izan da Danena Kirol Elkarteak txirrindularitzan izan duen historia ezagutzeko. Egun Aiztondo bailarako udalerrien laguntza jasotzen du elkarteak, eta baita hainbat babesleena ere. Eta gaurkoan albiste bat nabarmendu dute: mutilen zein nesken jubenil taldeak izango dituztela denboraldi honetan. Mutilak Danenako maillotarekin ari dira parte hartzen probetan, eta neskak Andoaingoarekin. Izan ere, bi txirrindulari eskolek  indarrak batu dituzte txirrindulariek etxe inguruko taldearen barruan jarraitzeko bere kirol ibilbidea.

Hainbat pertsona igo dira oholtza gainera aurkezpenean. Horietan lehena hitz egiten Josu Sarasola Danena Kirol Elkartearen lehendakaria izan da, eta eskertu dio Ander Altuna Danena Txirrindulari Taldeko arduradunari egindako eta egiten ari den lana, orain zazpi urte taldea birsortu zenetik. Bide batez, gurasoei, udalei eta babesleei eskertu die ematen duten laguntza. Ander Altunak hitz egin du, eta gogora ekarri du 1980ko hamarkadan izan zen gizonezkoen talde profesionala, eta 1985an sortu zela lehen emakumezkoen taldea, eta eskertu die garai hartan hori dena posible egin ahal izateko lanean aritu zirenei. Gaur egunari begiratuta, taldearen filosofia formakuntza dela nabarmendu du Altunak.

Taldearen historiaren errepasoa egiteko bideo bat ikusi ondoren, 1980ko hamarkadan taldean izan ziren Mathieu Hermans, Jokin Mujika, Txitxi Orbegozo eta Josune Gorostidi txirrindulari ohiak igo dira oholtzara. Hermansen mezua gazteentzat disfrutatu dezatela izan da. Mujikak bere ibilbidearen berri eman du, gogora ekarriz gazte mailetan izandako emaitza aipagarriak, tartean Munduko Txapelketetan, eta profesionaletara pasatzean mundu berri bat ireki zela berarentzat. Jubenil mailan gaur egun taldea izatea garrantzitsua dela aipatu du Mujikak. Josune Gorostidi eta Txitxi Orbegozo aitzindariak izan ziren txirrindularitzan, eta gaur egun neskak txirrindularitzan dabiltzala ikustea pozgarria dela esan du Gorostidik. Orbegozok gogora ekarri du txirrindularitzak aukera eman ziola bidaiatu eta mundua ezagutzeko. Taldeko kideak izan ziren Pello Ruiz Cabestany eta Marino Lejarreta bideo bitartez parte hartu dute ekitaldian.

Benjamin, alebin, infantil eta kadete mailako taldeen aurkezpena egin da segidan. Ondoren, oholtza gainera igotzeko udal ordezkarien txanda izan da. Xabat Oiartzabal Zizurkilgo Kirol zinegotziak azaldu du proiektuari laguntza ematen saiatuko direla eta eskertu du Danena Kirol Elkarteak egiten duen lana. Bere aldetik, Beatriz Unzue Villabonako alkateak gogora ekarri du bere anaia galdu zuela bizikleta istripu batean, eta errepidean txirrindulariekiko errespetua eskatu du. Aurreko urtean Itzuliaren etapa bat herrian amaitu zela eta Frantziako Tourra bertatik pasa zela aipatu du, baina harrobia ez bada zaintzen horrek denak ez duela zentzurik esan du. Bestalde, neskei kirola egitera animatu die eta pedalek ez dutela generorik nabarmendu du. Bestetik, Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkate ordeak enpresa babesleek ematen duten laguntza eskertu du, eta animatu die enpresa gehiagori proiektuaren parte izatera.

Ekitaldiak jubenil mailako bi taldeen aurkezpenarekin jarraitu du. Xabi Irazu mutilen taldeko arduradunak azaldu du formakuntzan jarraitzea eta taldean lan egitea dela helburu nagusia. Ane Usabiaga nesken taldeko arduradunak gogora ekarri du ziklo-krosean eta pista emaitza nabarmen batzuk lortu direla, eta errepideko denboraldian ere taldearen izena entzun dadin lan egingo dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!