Inauterietako pilotakadaren auzia

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Tolosako gertakariari buruzko argibideak eskatu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 13a, 11:47

Ertzaintzak pilotakada bota zueneko kalea.

EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideak igande goizaldean Ertzaintzaren pilotakada batek larri zauritutako Villabonako gazteari lotutako Ertzaintzaren espedientea eskatu du. Elkarrekin Podemos alderdiak Josu Erkorekaren agerraldia eskatu du.

EH Bilduk Segurtasun sailak iragarritako barne ikerketaren espedientea eskatu du Legebiltzarrean «horrelako kasu batean gardentasunak erabatekoa izan behar duelako». Julen Arzuagak adierazi duenez Ertzaintzak foam jaurtigaiak erabili zituen gazte batzuen arteko liskarrak baretzeko eta ordena publikoa berrezartzeko eta jaurtigai horiek erabiltzeak izan dezakeen arriskuaz ohartarazi du. «Ertzaintzan indarrean dauden protokoloek zorrotz zehazten dute noiz eta nola erabili horrelako materiala, hain justu, izan ditzakeen ondorio larriengatik». Hori horrela, ezinbestekotzat jo du Segurtasun sailak berehala argitzea zer gertatu den kasu honetan «protokoloak benetan bete diren ala ez jakiteko, eta hala izan ez balitz, dagozkion ardurak garbitzeko».

Elkarrekin Podemos alderdiak, bere aldetik, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Tolosako operatiboaren nondik-norakoak argitzeko. «Agerian geratu da istiluen aurkako material mota horrek, hilgarritzat jotzen ez den arren, ez dituela giza eskubideen oinarrizko printzipioak errespetatzen. Oso arriskutsua da eta hilgarria izan daiteke, nola da posible hori gertatzen jarraitzea», esan du Miren Gorrotxategik. «Behin baino gehiagotan agerian geratu da istiluen aurkako material horrek, hilgarria ez den arren, ez dituela errespetatzen giza eskubideen ikuspegitik indarra erabiltzeko oinarrizko printzipioak», gehitu du. Hain zuzen ere, gogora ekarri du Iñigo Cabacasen kasua, Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil baitzen Cabacas, 2012ko apirilean, Bilbon, Athleticen partida baten ostean.  
 
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren eledunak esan du Tolosan larri zauritu den gaztearen auzia «guztiz argituta geratzea» dela Jaurlaritzaren helburua.
 

Gaztea zauritu zen lekuan bildu dituzte irudiko foam jaurtigaiak. Ezkerrekoa erabilitakoa da; eskuinekoa, erabili gabea eta leku berean agertu dena. Iturria: BERRIA 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!