Aiztondoko herritarrek bikain erantzun dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko urt. 27a, 20:00

Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, kalejira koloretsua egin dute Villabonako Errebote plazatik Zizurkilgo Joxe Arregi plazaraino, bailarako eskola publikoak eta haur eskolak babesteko.

Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak kalejira koloretsua egin du arratsaldean. Adunako herri eskolako, Alkizako herri eskolako, Amasa-Villabonako Fleming herri eskolako, Asteasuko Pello Errota herri eskolako, Larraulgo herri eskolako, Zizurkilgo San Millan eta Pedro Mari Otaño herri eskoletako, Aiztondoko Erniobea institutuko eta Aiztondoko haur eskoletako familia, irakasle, langile eta herritarrak zeuden deituta parte hartzera, eta deialdiak erantzun bikaina izan du.

Errebote plazatik abiatu da kalejira eta Joxe Arregi plazaraino joan da, Loatzo Musika Eskolako ikasleen bandaz, erraldoiez, buruhandiez eta ipotxez lagunduta.

Kalejira amaieran ekitaldia egin dute Zizurkilen; tartean, Unai Mendizabalek lau bertso kantatu ditu. Ondoren, talde argazkia egin dute, eta amaitzeko, jarduerak izan dira plazan, bailarako guraso elkarteek eta haur eskolek antolatuta.

Unai Mendizabalen bertsoak:

Ez, guk ez dugu iragan handi
ta epikaz ornitua
gurean ez da sartzen inongo
elizaren predikua.
Baina badugu komunitate
saretu ta mamitua
guraso, ikasle ta irakasle
talde konprometitua
maitasunean ta ongi egin
nahiean oinarritua.

Gure eskola publikoa da
bere ilun ta argi izpi
euskal gizarte zabal ta anitz
honen egizko argazki.
Zenbat euskaldun ahaldundu da
gure eskolan zehazki?
zenbat erdaldun euskaldundu da?
Asko, pila, seguraski…
Batzu-batzutan gogoratzea
ere eletorke gaizki.

Beti hizketan dabilenari
komeni zaio aitzea
baina aukeran nahiago gure
pazientziak ahitzea.
Korbatadunen plana omen gu
baliabidez gaitzea
baina egin behar den une hori
heltzen denean, bai zea!
Paperezko hitz zurik ahotan
ta eskutan guraizea.

Goian San Millam behean Otaño,
han Fleming kidetasuna,
Alkiza, Larraul, Erniobea
Pello Errota ta Aduna.
Publikoaren parte izate
hutsaren harrotasuna
nahikoa ez denez eraikitzeko
nahi dugun etorkizuna
bide bakarra dugu Aiztondo
lana eta batasuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!