Urtekaria 2023

Mende laurdena bete du Amarozko antzerki asteak

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 1a, 19:58

Egitasmoak hogeita bost urte betetzen dituela-eta, egitarau berezia antolatu dute auzotarrek. Mende laurdena ospatu du antzerki asteak, eta mende erdia bete du, berriz, Amarotz auzoak berak.

Urteurren borobilen urtea izan dute Amarotzen. Auzoak 50. urteurrena du eta Antzerki Asteak 25 urte bete ditu. Ospakizunekin bat eginez, ekitaldi ugari antolatu dituzte auzoan. Denetik izan dute eta, besteak beste, Antzerki astea nabarmendu behar da. Ekimen horren barruan denetariko jarduerak egin dituzte: tailerrak, dantza ikuskizunak, antzerki emanaldiak, kalejira eta abar. Antzerki Asteak iraun bitartean, gainera, Jabi Markezek aurreko edizioetan ateratako argazkiekin osatutako Klik nire txokotik argazki erakusketa ere izan dute.

Auzoak 50 urte

Auzoaren urteurrenaren harira ere hainbat jarduera berezi antolatu dituzte, horien artean, mus eta mahai tenis txapelketa, haurrentzako puzgarriak eta jolasak eta mendi martxa herrikoia. Ez da, ordea, ekimen bakarra izan.

Antzerki astea bukatzearekin batera, auzoko festei eman zieten hasiera. Horren harira ere, denetariko hitzorduak antolatu dituzte: euskal eguna, auzoko kirol elkartearen eskutik futbolean parte hartu duten guztientzako bazkaria, eta Inauterietan baita karrozan ateratzen direnen eguna ere.

Horiez gain, festen barruan gala «berezia» antolatu dute auzoko futbol zelaian: Zorionak Amarotz. May Gorostiagak emanaldi hasieran aipatu zuen «aparteko» festa eguna zutela, eta emanaldian parte hartu zuten, besteak beste, Tortell Poltronak, Petita Luk, Bea Larrañagak eta auzoko zumba taldeak.

Inaxio Begiristain kultur beka sortu dute

Inaxio Begiristain kultur beka sortu du Alegiako Intxurre elkarteak sormen lanak sustatzeko eta laguntzeko asmoz. Antolatzaileek azaldu dutenez, Inaxio Begiristainen balioak transmitituko dituen lanak aurkeztu daitezke deialdira, hots, euskara, antzerkia, txistularitza edo kulturaren inguruan oinarrituriko lanak. Proiektuak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izan beharko dute, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

Intxurre elkarteak kopuruaren erdia irabazleari emango dio izendatu ondoren; eta beste erdia, berriz, lana amaitu, entregatu eta epaimahaiak onartutakoan emango dio.

Epaimahaiko kideek hainbat irizpideren arabera baloratuko dituzte proiektuak, besteak beste, lanaren kalitatea, originaltasuna eta erakargarritasuna; gaiaren interesa, hots, Alegia mailako interes soziala; egingarritasuna, hau da, erabiltzeko modukoa izatea eta txertatuta izatea genero ikuspegia, berdintasuna eta giza baloreak.

Berrobi Kantuz antolatu dute Berrobin lehenengoz

Lehen aldiz abesbatza musikako ziklo bat izan da Berrobin. Berrobi Kantuz jarri diote izena eta joan den urteko abenduaren amaieran hasi zen. Otsailean, bi emanaldi gehiago izan ziren, eta azkena, martxoaren 18an.

David De Miguel Berrobiko alkatearen esanetan, «kulturaren aldeko apustu indartsua» egin nahi du udalak. Aritz Alkain Kultura zinegotzia, bere aldetik, kultura «herri txikietan» txertatzeaz aritu da, eta «erronka» bat dela ere aipatu du: «Lau kontzertuek euskal tradizio koraleko hainbat obra eskainiko dituzte. Hirigune handietan bizi diren hiritarrek kultura eskurago dute eta kultura-eskaintza zabalagoa dute, baina Berrobin eta antzeko herri txikietan erronka handia da eta baita gure apustua ere kultura-agenda osoa eta zabala prestatzea».

Udal ordezkariek erronka horretan kokatu dute Berrobi Kantuz zikloaren lehen edizioa, «denboran aurrera jarraitzeko asmoz sortu dena». Udalarentzat «kultura Berrobira hurbiltzea erabaki estrategikoa» dela ere esan du Alkainek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!