Urtekaria 2023

Tolosako kaleetan gehienek euskaraz bigarren urtez

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 1a, 11:59

1985etik orain arte erregistratutako daturik altuena da 2022ko kale neurketak emandakoa: %52,5ean egiten da euskaraz; gazteenek erabiltzen dute gehien, eta adinean gora egin ahala jaitsi egiten da.

Hizkuntzen kale erabileraren 2022ko neurketaren datuak eta 2021eko Tolosako datu soziolinguistikoak aurkeztu zituzten joan den martxoan Galtzaundi Euskara Taldeak, Uemak eta Tolosako Udalak. 1985etik urtero egiten dira kale neurketak Tolosan eta, ordutik, erabilerak 23 puntu egin du gora; azken neurketan, laugarren aldiz eta jarraian, gaztelaniaren aurretik kokatu da euskara. Iazko kale neurketan 6.317 hiztunen 4.646 elkarrizketatatik atera zuten informazioa. Abenduko hiru egun ezberdinetan ibili ziren kalez kale 16 neurtzaile.

Euskarak orain arte eman gabeko emaitza eman du Tolosako kale neurketan: %52,5ekoa da euskararen erabilera, gaztelerarena %45,2, eta beste hizkuntzena %2,3. 2019ko datuetan kokatu zen lehen aldiz euskara gaztelaniaren aurretik, baina %49 eman zuen. Bi urte geroago, 2021ean, neurtu zuten lehen aldiz %50etik gorako erabilera. «Segida horrek tendentzia argi bat badagoela erakusten digu», esan du Igor Agirre Galtzaundiko ordezkariak. «Argi esan daiteke emaitza anekdotikoak izan beharrean, euskararen erabilera indarberritze joera argian egonkortuta dagoela Tolosako kaleetan».

Gazteenek, gehien

Adinari begira, haurrak (2-14 urte) dira Tolosako kaleetan euskara gehien erabiltzen dutenak: %76,2. Atzetik gazteak (15-24 urte) daude: %67. Horiei jarraiki, heldu gazteak (25-44 urte): %61,5; gero, heldu nagusiak (45-64 urte): %37,6; eta, azkenik, adinekoak (65 urtetik gorakoak): %35,8. «Adinean zenbat eta gorago joan, orduan eta txikiagoa da erabilera», zehaztu du Agirrek.

Kalean sortzen diren elkarrizketetan haurren presentziak duen garrantzia «adierazgarria» dela dio Galtzaundiko ordezkariak. «Nagusiek, haurrak parean izatearekin bakarrik, nahiz eta haurrek ez hitz egin, euskaraz gehiago egiten dute». Nagusiak elkarren artean aritzean %45ean egiten dute euskaraz eta haurrak parean izanda, berriz, %70ean.

Denek euskaraz egiteko

'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina azaroan jarri zuen martxan UEMAk, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko helburuarekin. Ibarran aurkeztu zuten kanpaina mankomunitateko ordezkariek, Ibarrako Udaleko eta ikastolako ordezkariekin, bertako ikasleekin eta Zaldibiako eskolako ordezkariarekin.

UEMAN SARTU DA BERROBIKO UDALA

Berrobiko Udalak azaroko osoko bilkuran hartu zuen erabakia Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko, eta UEMAk abenduaren 16ko Orion egindako Batzar Nagusian onartu zuen.

Urte honen hasieran, 97 udal ziren UEMAko kide, lau udal gehitu ziren martxoan, eta 100 udalen langa sinbolikoa gaindituta, orain arteko bidea gogoratzeko eta udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzeko ekitaldia egin zuen UEMAk Azpeitian. Mankomunitatean sartu den eskualdeko 23. herria da Berrobi; euskaldunen indizea %87,5 da bertan, eta udaletik kezka azaldu dute egoera hauskorra iruditzen zaiela eta.

MANEX URRUZOLA GALTZAUNDIKO lehendakari

Joan den maiatzean egindako urteko bilkura nagusian aurkeztu zuen zuzendaritza berria Galtzaundi Euskara Taldeak, eta Manex Urruzola Arrate tolosarra izendatu zuten zuzendari.

Aurreko lau urteetan Kike Amonarriz izan da Galtzaundiko lehendakaria, eta berak luzatu zion lekukoa hartzeko proposamena Urruzolari. Zuzendaritza hartu aurretik, Galtzaundi Euskara Taldeko bazkide izan da urte luzez Urruzola, eta tarteka kolaborazioak ere egin ditu. Bere esanetan «gauzak oso ondo» egiten ditu Amonarrizek, eta «eredu» izan da: «Asko ari zait laguntzen trantsizioan eta nahiz eta lehendakaria ez izan, hor jarraituko du ondoan, luxua da». Lekukoa «ilusioz eta gogoz» hartu duela ere aipatu du.

Euskaltzaleen topaketak

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak antolatuta, Euskaltzale independentisten topaketak egin zituzten urrian, Villabonan. Hainbat jarduera antolatu zituzten eta, besteak beste, azaroaren 4an Bilbora joatearen garrantzia nabarmendu zuten, euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiteko.

Bilbora, hirurehun

Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an antolatu zuen manifestazioa Bilbon 'Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat' lelopean. Galtzaundi Euskara Taldeak sei autobus antolatu zituen eta, horietan, 300 euskaltzale baino gehiago joan ziren Tolosaldetik Bilbora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!