Urtekaria 2023

40 urte pasa eta gero Lasa eta Zabala gogoan

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 30a, 07:59

Lau hamarkada pasa ondoren bi gazte tolosarren senideek erakundeen aitortza eskatzen jarraitzen dute; urteurrenaren harira ekitaldiak egin dira aurten bai Busoten eta baita Tolosan ere.

Urriaren 15ean bete dira 40 urte Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela GALek. Bi tolosarrak bortizki torturatu zituzten; ondoren, Busotera eraman, euren hilobiak eginarazi, tiroz hil eta lurperatu egin zituzten. 1985eko urtarrilean topatu zituzten haien gorpuzkiak Busoten (Alacant, Herrialde Katalanak), eta hamar urte igarota identifikatu. 2000. urtera arte ez zituzten kondenatu erantzuleak. Guztiak aske ziren 2004rako.

Aurten iritsi zaie senideei erakundeen aitortza. Eusko Legebiltzarreko Poliziaren Biktimen Balorazio batzordeak 2022-2023ko ikasturteko txostenean ekainean 66 biktima berri aitortu ditu. Tartean bederatzi hilketa kasu ageri dira eta horietako bat da Joxi Zabalarena, «hil egin zuten, bahitu, bortxaz desagerrarazi eta torturatu ondoren», dio testuak. Izatez, Joxi Zabalarena da txostenean osorik idatzirik ageri den izen bakarra, kasuaren ezagutza maila kontuan hartuta, hura publiko egitea ebatzi baitute. Era berean, erreferentzia egiten dio Joxean Lasari ere, nahiz eta batzordeak ez duen haren inguruko irizpenik eman, «senideek ez zutelako aitortza eskaera legean ezarritako epearen barruan egin».

Urtemuga seinalatuan Axun Lasa eta Pili Zabala bi militanteen arrebek urteotan izan dute babes juridiko falta salatu dute. Pili Zabala: «Erakunde guztiek gaizki tratatu gaituzte. Salbuespenak egon daitezke pertsonaren arabera, baina egitura bezala dauden erakundeetan ez gaituzte ondo tratatu. Adierazle oso objektibo bat dago, eta da Joxi eta Joxean ez direla biktimatzat hartzen. Giza eskubideen urraketen artean, exekuzio judizialak eta desagertze behartuak dira delitu larrienak. Kontuan hartuta adierazle hori, hau da, Nazio Batuen Erakundeko araudia ez dela errespetatzen, argi eta garbi ikusten da gu gaizki tratatu gaituztela, eta horrela jarraitzen dugula. Espero dugu ez jarraitzea beti horrela, baina horretarako gauzak aldatu egin behar dira, batez ere legegintza».

Poliziaren Biktimen Balorazio batzordeak 2022-2023ko ikasturteko txostenean gorpuak Tolosan ehorzteko prozesuak senideei eragindako «mina» ere jaso du. Kanposantuan 1995ean izandako gertakariak ekarri ditu gogora aurten Axun Lasak: «Hilkutxak kendu zizkiguten eskuetatik Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren artean, mehatxu artean, makilakada artean… Hor ez dago dolu posiblerik. Hor dago trabatze emozional oso-oso potente eta oso-oso mingarri bat. Gainera, tartean ikusita gurasoak, umeak, ilobak… Oso-oso mingarria izan zen. Eta hori nola kudeatzen den? Bada, ez dakit, bitxigintzaren modukoa da ia, oso poliki eta oso fin hartu beharreko lana izan da».

Urtemuga ekitaldiak

Bi gazteen erailketaren 40. urteurrenean haien senide eta lagunek ekitaldiak egin dituzte Lasa eta Zabala oroitzeko, bai Busoten eta baita Tolosako Olarrain auzoan ere. Urtemugaren harira, Egiari Zor fundazioak salatu du gaur-gaurkoz Lasa eta Zabala ez dituztela aitortu «terrorismoaren biktima» gisa. Eta Espainiako Gobernuari dei egin dio «estatu terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketa guztien erantzukizuna» bere gain har dezan eta «eragindako mina» aitor dezan. Fundazioaren arabera, beharrezkoa da Sekretu Ofizialen Legeak babesten duen dokumentazioa argitara ateratzea. Urriaren 20an egin zuen Egiari Zorrek ekitaldia Topic-en bi gazte tolosarrak gogoratu eta haiei egin zietena salatzeko.

Gainera, desagerpenaren 40. urteurrena dela eta, Tolosako Laskorain, Orixe eta Herrikide ikastetxeetako ikasleek Lasa eta Zabala filma ikusteko aukera izan zuten Leidor aretoan. Emanaldiaren ostean, Martxelo Otamendi kazetariak gidatuta, Axun Lasarekin eta Pili Zabalarekin tertulian aritzeko aukera izan zuten ikasleek.

Beltza hil zela 50 urte bete dira aurten

1973ko azaroaren 28an, duela 50 urte, Jose Luis Pagazaurtundua Isusi laudiotarra eta Joxe Etxeberria Sagastume Beltza amezketarra hil ziren Getxoko Erromo auzoan, lehergailu bat prestatzen ari zirenean.

Amezketako Jauregi Txiki baserrian jaioa, gaztetatik izan zuen politikarako joera Etxeberriak. Herriko gazteen bilgune izan zen Oargi elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta urte batzuk beranduago, Herri Gaztedin hasi zen militatzen. 19 urte zituela ETAn sartu, eta poliziarengandik eskapo, Ipar Euskal Herrira egin behar izan zuen ihes.

Hegoaldera bueltan, Getxoko Erromo auzoko Itzulbaltzetan ekintza bat prestatzen ari zela hil zen Pagazaurtundua kidearekin batera.

'Oso latza izan da' aurkeztu dute

Xabier Mendiguren Elizegik Oso latza izan da kontakizun laburra idatzi du. Hil ondoan, Zizurkilgo kanposantuan Joxe Arregiren gorpu torturatuari atera zizkioten argazkien atzean dagoen istorioari erreparatu dio liburuan.

Arregirekin batera, Bixente Ameztoi eta Juan Kruz Unzurrunzaga dira protagonista kontakizun honetan. 1981. urteko otsailean izandako gertakariak gogora ekartzearekin batera, pertsonaia hauen bizitzetan arakatu du Mendigurenek.

Oso latza izan da liburuaren aurkezpen ekitaldiak egin ditu idazleak, eta lehenengoetariko bat Zizurkilen egin du, Plazida Otaño liburutegian. Arregiren senideak eta argazki horien prestakuntzan ibili ziren herritarrak alboan zituela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!