A30 Greba Feminista Orokorra

Balorazio positiboa egin dute sindikatuek

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 30a, 14:55

Langile asko kalera atera direla nabarmendu dute ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek, eta «oso pozik» agertu dira deialdia izaten ari den erantzunarekin. Argi utzi nahi izan dute greba feminista orokorra deitu duten lehen aldia dela.

Goizeko lehen ordutik kalean dabil Laida Zubillaga LAB sindikatuko ordezkaria, pikete informatiboak eginez, langileen lana balioan jarriz. Balorazio «oso positiboa» egin du. «Lehen aldiz deitu dugu Euskal Herrian greba feminista orokorra, eta horretarako gaitasuna edukitzea eta zaintzaren gaia mahai gainean jartzea ikaragarria da».

Maria Imaz ELA sindikatuko ordezkariak ere positiboki baloratu du herritarrek izandako jarrera. «Egun handia da. Herri ia guztietan izan dira mobilizazioak eta guztiek erantzun oso ona izan dute. Balio handiko deialdia da, zaintza lanak erdigunera ekarri nahi ditugulako, eta beraz, eredugarria iruditzen zait egiten ari garen lana».

Biak ere oso pozik daude deialdia izaten ari den erantzunarekin. «Aspalditik datorren gaia da, politizatu egin da, mahai gainean jarri, eta beraz, honetaz hitz egin behar izatea sortu du», esan du Zubillagak. Helburu orokorra lortu dutela esan du Imazek. «Lanuzteak oso garrantzitsuak dira, eta beraz, gaur lanera ez joatea zen erronka. Horrez gain, ezinbestekoa da lanketa sakon bat eta hausnarketa bat egitea, eta uste dut, herritarrek behintzat egin dutela. Hala ere, lantokietan ere egin beharko da».

Produkzioari dagokionez, bere erantzuna ematen ari bada ere, gaurkoan begirada beste norabide batera luzatu nahi dutela esan du Zubillagak: «Ez dugu fokua horretan jarri nahi, greba egin ezin izan dutenengan baizik, eta bereziki, zaintzari lotutako lanetan aritzen diren emakumeengan, beraien lana erabat ikusezina delako».

Erabaki errespetagarriak

Oraindik ez dute eskualde mailako daturik eskuartean, baina irakaskuntzan nahiz udaletan erantzun zabala izaten ari dela adierazi dute. «Denetariko erabakiak izan dira, eta zenbait lantoki ixtera ere heldu dira. Badira apustu sendoa egin duten enpresak», esan du Imazek. «Kontuan hartu behar da enpresa askotan batzar informatiboak egin dituztela, baina ez dela bozketarik egin», azaldu du Zubillagak.

Horri lotuta, herritarrek hartutako erabaki guztiak errespetagarriak direla azaldu dute. «Langile guztiengana iristen saiatu gara, informazioa emateko eta langileak kontzientziatzeko. Erabaki desberdinak egon dira, baina guztiak dira errespetagarriak», esan du Zubillagak. «Greba eskubidea norbanakoen eskubidea da, eta ezin diogu inori greba egin dezan inposatu. Guretzat ideala litzake etengabeko lanuztea egitea, inolako kontsumorik gabea, baina ulertzekoa da saltoki txikiek bizirauteko beharra dutela», gaineratu du Imazek.

18:00etan Tolosako Trianguloa plazan egingo den eskualde mailako mobilizaziora joateko deia luzatu dute. Zubillagak argi utzi nahi izan du gaurko eguna ez dela hasiera bat eta amaiera bat: «Lanketa baten prozesu bat da, eta bere pausoak ematen jarraituko du. Erakundeak interpelatzen jarraituko dugu, baita zaintza sistema ez dagoela ondo eta errotik aldatu beharra dagoela aldarrikatzen eta mahai gainean jartzen ere».

Imazek uste du arratsaldeko mobilizazioa jendetsuagoa izango dela. «Energia-dosi handia izango da». Eta hemendik aurrera, bai sindikatuek, baita mugimendu feministak ere, lanketa luzea dutela esan du: «Milaka langile atera gara kalera gure aldarrikapenekin, eta beraz, Eusko Jaurlaritzak ezin du ezikusiarena eta ezentzunarena egin. Administrazio publikoak erabaki batzuk hartu eta neurri batzuk ezarri beharko ditu. Bestalde, herritarrok saretzen hasi behar dugu, zaintza lanak beste modu batera banatu ahal izateko, guztioi egokitzen zaizkigun lanak dira eta».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!