Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2023

Mobilizatzera dei egin du Saiaz mankomunitateak

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 16a, 07:59

Albiztur, Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezil herrietako emakumeak, joan den martxoan, Bidania-Goiatzen. SAIAZ MANKOMUNITATEA

Hilabete osoan denetariko ekimenak antolatu dituzte hainbat herritan; azaroaren 25ean eta 30ean, berriz, mobilizatzera dei egin dute.

Ongi jakina da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela azaroaren 25a eta, dagoeneko, aski zabalduta dago, baita ere, hilaren 30eko greba orokor feministarako deialdia. Albiztur, Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezil biltzen ditu Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, eta aipatu egunen harira denetariko jarduerak antolatu ditu herri horietan hilabete osorako.

Mankomunitateko gizarte langilea da Elena Rikondo eta uste du «oso zaila» dela jendearengana iristea mobilizaziorik gabe: «Mobilizatzeak, pixkanaka, astindu egiten ditu egitura guztiak; entzunarazi egiten ditu aldarriak, eta ordu-arte konturatu ez denak ere ikusiko du zerbait». Bide beretik, ekimen horien bitartez «presioa» eragin daitekeelakoan dago, eta hori izan daitekeela bidea «agenda politikoetan» eragiteko eta gauzak aldatzeko. 

Kopurutik kalitatera
Mankomunitatean aztertu egin dituzte 2017tik 2022ra bitartean emakumeenganako indarkeriarekin lotutako datuak, eta Rikondok nabarmendu du datu horiek Ertzaintzara, osasun zerbitzuetara eta gizarte zerbitzuetara iritsi direnak direla; baina hortik kanpo ere «kasu asko» gertatzen direla.

Datuak aztertzetik harago, ordea, arreta «lanketa kualitatiboetan» jarri dutela ere azaldu du. Hain zuzen, 2021 eta 2022 urteetan indarkeria matxistaren aurkako protokoloa prestatzen aritu ziren eta ikasturte honetan, berriz, hainbat esparrutako profesionalekin lan egiten aritu dira. Eta horrek zer esan nahi duen? Bada, emakumeenganako indarkeriarekin lotura duten hainbat arlotako langileekin egin dutela lan. Kasurako, zenbait medikurekin aritu dira lantzen nola hauteman kontsultara joaten dena indarkeria jasaten ari dela. Rikondoren hitzetan «gakoa ez da igartzea», baizik eta profesionala gai izatea «konfiantzazko giroa» sortzeko, kontsultara joaten denak segurtasuna izan dezan zer gertatu den kontatzeko.

Gizarte langilearen aburuz «pixkanaka eta mantso» bada ere, aldatzen ari dira zenbait gauza. Esate baterako, aipatu du lehen «oso tapatuta» zeudela berdintasunaren inguruko gaiak; eta, gaur egun, berriz, errazagoa dela indarkeriaz edo zaintzaz hitz egitea, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!