Kirol eskaladako zailtasuneko Espainiako txapelketa jokatu da asteburu honetan Getafen (Espainia), Indoorwall rokodromoan. Berrehun eskalatzaile lehiatu dira guztira, horietatik 50 maila nagusian —20 neska eta 30 mutil—. Eskualdeko eskalatzaileei dagokienez, denetariko emaitzak izan dira. Nabarmentzekoa, beste behin, Eñaut Uson ibartarrak 14 urtez azpikoetan lortutako garaipena. Espainiako orain arteko proba guztiak irabazi ditu aurten Usonek: Espainiako Kopa boulderreko eta zailtasuneko modalitateetan, eta zailtasuneko Espainiako txapelketa orain.
Gazteen artean, 18 urtez azpikoetan, Elur Arteaga tolosarra hirugarren izan zen Getafeko proban. Espainiako Kopako probetan, boulderrean eta zailtasunean, maila eta erregulartasun handia erakutsi du Arteagak, eta Espainiako txapelketan ere goranzko bide horri eutsi dio. Proba Laia Taulats Andorrako eskalatzaileak irabazi zuen, baina, ez dagoenez FEDMEn federatuta, Espainiako txapeldunaren titulua India Persson andaluziarrarentzat izan zen, eta Arteagarentzat, berriz, zilarra eta bigarren postua.
Hamasei urtez azpikoetan, nesketan, Udane Mujika elduaindarra bosgarren izan zen. Maila berean, mutiletan, Haritz Urkiola hogeita zortzigarren izan zen.