A30 Greba Feminista Orokorra

Eskuz esku, zaintza eskubide kolektiboaren alde

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 28a, 15:08

Tolosaldeko Asanblada Feministak deituta, dozenaka herritarrek parte hartu dute Tolosan egin den giza kate mugikorrean.

Azaroaren 30ean egingo den greba feminista orokorra dela eta, Tolosaldeko Asanblada Feministak deituta, eskualdeko dozenaka herritarrek giza kate erraldoia egin dute, eguerdian, Tolosan. Iurreamendi egoitzatik abiatu dira, eta herriko egoitzetatik eta osasun zentroetatik igaro ondoren, Emakumeen plazan amaitu dute, Andragora Emakumeen Etxearen atarian.

2022ko otsailean, Euskal Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa ezaugarritzen hasi ziren Euskal Herriko zenbait mugimendu feminista, eta oraingo zaintza sistema eraldatzeko asmoz, mobilizazio prozesu bati ekin zioten. Zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatu nahi dutela adierazi dute, «premiei erantzunez, egun prekarioenen eta kolapsatuen dauden egoerei aurre eginez, eta epe luzera begiratuz, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gainditu nahiz bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema sozial bat imajinatuz eta definituz».

Euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu dute gaurko mobilizazioan. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dute zaintza lanak demokratizatzea eta erantzukizun kolektibo gisa hartzea. «Zaintzen sistema publiko bat behar dugu. Sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak guztion eskura egon behar dira, finantzaketa eta kalitatea bermatuz. Merkantilizaziorik gabeko sistema publikoa behar dugu».

Zaintza sistema publikoaren aldeko aldarriarekin batera, hainbat eskaera egin dituzte, hala nola, zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioarekin amaitzea, zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea, etxez etxeko zerbitzua indartzea eta garatzea, zaintza lanak transbersalki lantzea, besteak beste, hezkuntzan, osasungintzan eta lan eremuan, eta familia nuklearretik at, zaintzeko baimenak zabaltzea eta handitzea.

Bestetik, bizitza duinen aldeko aldarrian ere egin dizute eskariak: Lan jarduna murriztea soldata murriztu gabe, zaintzeko denborak bermatzeko; gizonak interpelatzea, ez zaintzearen pribilegioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura har dezaten; atzerritartasun legea bertan behera uztea, eta bitartean, zaintza langile guztiak erregularizatzea; erroldatzeko eskubidea guztientzat eskuragarri izatea; etxebizitza eskubidea bermatzea, merkatuan esku hartuz; agroekologia babestea eta sustatzea; eta denentzako pentsio duinak ezartzea, 1.080 eurokoak gutxienez.

Azkenik, zaintza langileen baldintza duinen aldeko aldarrian ere jarri dute fokua, eta ondorengo proposamenak jarri dituzte mahai gainean: etxeko langile egoiliarren erregimena desagerrarazteaz; etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartzea, hau da, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berrestea; zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea; etxeko langileei gutxieneko soldatatik gorako lansaria ezartzea; eta zaintzaileei laguntzeko sareak sortzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!