Eñaut Uson irabazle, Espainiako Kopan

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 5a, 11:58

Zailtasun modalitateko Espainiako Eskalada Kopako bigarren proba irabazi du ibartarrak, 14 urtez azpikoen mailan.

Espainiako Eskalada Federazioak antolatuta, pasa den asteburuan, selekzio autonomikoen arteko Espainiako Eskalada Kopako bigarren proba jokatu zen Torrejon de Ardozko (Madril) Indoorwall instalakuntzetan. Eskualdeko lau eskalatzailek parte hartu zuten proba honetan, Euskal Selekzioarekin: Eñaut Uson, Udane Mujika, Haritz Urkiola eta Elur Arteaga.

Usonek lortu zuen emaitza onena. Bikain aritu zen eskalatzaile ibartarra, 14 urtez azpikoen mailan. Kanporaketan onena izan zen 32 eskalatzaileren artean. Finalean ere onena izan zen, 31 puntu lortuta, eta beraz, urrezko domina eskuratu zuen. Une honetan, bera da sailkapen nagusiko liderra, 1.495 punturekin. Usonen atzetik, Biel Serra eta Gonzalo Escudero berdinduta daude bigarren postuan, 1.380 punturekin.

Elur Arteaga tolosarrak ere lan bikaina burutu zuen asteburu osoan. Kanporaketan onena izan zen, eta bi txandatan lortu zuen rokodromoko puntu gorenera heltzea. Finalean, ordea, ez zen hain ondo aritu, eta hirugarren postuan sailkatu zen, Laia Taulatsen eta India Perssonen atzetik. Une honetan, Arteaga hirugarren da sailkapen nagusian, 1.380 punturekin. Persson eta Taulats daude lehen postuan, 1.805 punturekin.

Zorte txikiagoa izan zuten Mujikak eta Urkiolak, 16 urtez azpikoen mailan. Mujika elduaindarra bosgarren izan zen kanporaketan, eta seigarren finalean. Urkiola tolosarra 21. izan zen kanporaketan eta ez zen finalera sailkatu. Mujika seigarren postuan dago sailkapen nagusian; Urkiola, berriz, 18. postuan.

Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba urriaren 14an eta 15ean jokatuko da Vilanovan (Herrialde Katalanak). Aurrez, asteburu honetan, Espainiako Txapelketak egingo dituzte Caceresen (Extremadura).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!