Industria 4.0-ko zazpi proiektu eskualdeko enpresatan

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2022ko mar. 19a, 10:57

Teknologia Bultzatuz programari esker, azken bi urteotan eskualdeko hamalau enpresak finantziazioa lortu dute 4.0 teknologia txertatzeko eta proiektu pilotuak garatzeko. Horietako zazpi proiektu joan den urtean garatutakoak dira, eta emaitzak aurkeztu berri dituzte.

Tolosaldeko Ataria (Komunikabidea. Tolosaldea).



Multimedia plataforma Tokimedia inplantatu du, plataforma handien menpekotasunik izan ez dezan. Horrez gain, Adimen Artifiziala ere txertatu du, edukien etiketatze eta transkripzio automatikoak, azpi-idatziak edota laburpen automatikoak garatzeko.


Egimendi (Nekazal tresnak. Irura). 

Instalazio elektrikoa, zerbitzaria, informatika programa eta barra-kode irakurgailuaren instalazioa bideratu ditu, ordenagailuekiko konektagarritasuna indartzeari eta digitalizazioari esker, informazioa automatizatzeko eta enpresaren kudeaketa eta zerbitzua azkartzeko.


Kimua (Karga handien manipulaziorako soluzioak. Lizartza).

FAGUS zerbitzua sortu du, aktibo askoren kudeaketan erabakiak hartzeko azkartasuna eta efizientzia emateko. Denbora errealean esaten du non eta nola dagoen tresna bakoitza: geoposizioa, azelerazioa, tenperatura, bateria… Baita igorritako karbono aztarna ere.


Logikaline (Contact center. Abaltzisketa).



Zibersegurtasuna indartzeko sarea segmentatu dute, hainbat sareko ingurunea sortuz, guztiak desberdinak eta elkarrekin konektatuak. Datuak sare batetik bestera pasatzerakoan, konexio-puntuetatik pasako dira eta hor aztertu egiten dituzte gaiztoak diren ala ez jakiteko.


Omicron (Mekanizazioa. Asteasu).



Power BI softwarea txertatu du. Datuen analisia eta enpresaren kudeaketa errazten du, txostenak modu automatikoan lortzea ahalbidetuz. Ekoizpen kostuak aurreztea eta produktibitatea nahiz errentagarritasuna areagotzea ere lortu dute.


Otsabio (Mekanizazioa. Ibarra).



Lau makinatan CAD-CAM sistema integratu du, piezen programazio lanak erraztuz eta akats txikiak ekidinez, kalitate hobea lortu ahal izateko. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuaren laguntzaz egin dute proiektuak eta hornitzaileekin adostu dute zein programa erabili.


Paulino Sorarrain (Fundiziorako ereduak. Tolosa).



Trenetarako piezen fabrikazioan aritzeko, bezeroaren ezinbesteko baldintza 3D eskaner bidez piezen neurriak neurtu eta egiaztatu ahal izatea zen. Horretarako 3D-ko eskaner bat txertatu dute, eta langilean formatu dituzte. Horri esker, beste merkatu batzuetako ateak zabaldu zaizkie, adibidez, ordezko edo pieza zaharren digitalizazioan.

Teknologia Bultzatuz programaren inguruko informazio gehiago hemen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!