Emakume zientzilarien omenez

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 11a, 07:56

Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta horren harira Tolosaldeko 22 saltokik egin dute bat Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoarekin.

Tolosaldea Garatzenek eta Elhuyarrek, eskualdeko udalekin eta Tolosa&Co eta Oria merkatari elkarteekin elkarlanean, Otsailaren 11 erakusleihoak proiektua jarri dute abian Tolosaldeko 22 dendatan, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egin duten lana ezagutarazteko. Izan ere, gaur da Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna, eta Tolosa, Amasa-Villabona eta Ibarrako 22 saltokik egin dute bat egitasmoarekin.

Establezimendu bakoitza emakume zientzialari bati eskaini diote, eta zientzialariaren ilustrazioa eta informazioa ikusi daiteke bertan. Guztira 12 emakume omendu dituzte. Gainera, zientzialariaren ikerketan inspiratuta apaindu dute erakusleihoa. Horrela, merkatariak emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtu dira, eta, gainera, emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dutela diote sustatzaileek.

Tolosaldea Garatzenek esan du Bizilaberen barruan kokatzen dela kanpaina, hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueraren barruan. Emakume ikertzaile horien ilustrazioak Bizilaberen webgunean eskegita daude, euren istorioekin batera, eta istorio horietan ikertzaileen bizitza, gertaerak eta asmakuntzak bildu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!