Tolosaldea IKTkoek urrezko berrogei domina lortu dituzte Gipuzkoako Txapelketan

Imanol Garcia Landa 2022ko ots. 9a, 11:58

Tolosaldea IKT taldetik «oso gustura» daude asteburuan Bergaran egin den igeriketako Gipuzkoako Txapelketaren balantzea egiterakoan, Nerea Pagola entrenatzaileak azaldu duenez: «Batetik, kirol emaitzengatik, lortu diren domina, sari eta denborengatik. Bestetik, jende asko joan gara, eta batez ere infantil mailakoengatik pozten gara, geldialdiarengatik eta COVID-19arengatik, orain arte Gipuzkoako Txapelketa batean lehiatu gabe zeudelako. Zentzu horretan oso polita izan da».

Guztira 38 igerilari joan dira, infantil, junior eta absolutu mailakoak. Taldeko sailkapenari begira, gizonezkoetan lehen postua lortu dute, eta emakumezkoetan bigarren egin dute Bidasoaren atzetik. Dominei begiratuz gero, taldeko igerilariek urrezko 40, zilarrezko 33 eta brontzezko 23 lortu dituzte. Klubetik nabarmendu dutenez, absolutu mailan egindako 42 probetatik hamazazpitan irabaztea lortu dute.

Horrez gain, banakako sailkapen orokorra egin zuten, Igeriketako Nazioarteko Federazioaren taularen arabera igerilari bakoitzak probatan lortutako puntuak batuz. Tolosaldea IKTko lau igerilari igo ziren sariak jasotzera. Emakumezkoetan, Nahia Garridok lehen postua lortu zuen bai infantil mailan zein absolutu mailan; Irene Sagarnak bigarren postua lortu zuen infantil mailan, eta Naia Sarasolak lehen postua juniorretan. Gizonezkoetan, Enaitz Goñik bigarren postua lortu zuen bai juniorretan zein absolutu mailan.

Hemendik aurrera beste hainbat txapelketa iritsiko dira. Asteburu honetan bi proba daude: batetik, erkidegoen arteko Espainiako Txapelketa jokatuko da Mallorcan eta bertan Tolosaldea IKTko bost igerilari ariko dira; bestetik, Bartzelonako Sant Andreu klubak antolatzen duen Alejandro Lopez Trofeoan taldeko sei igerilarik parte hartuko dute, euskal selekzioarekin zein Gipuzkoako selekzioarekin. Ondoren, otsailaren 19 eta 20an infantil mailako Euskal Herriko Txapelketa izango da jokoan Tolosako Usabal igerilekuan. Martxoan iritsiko da maila horretako Espainiako Txapelketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!