Bisitarien kopurua %20 igo da iazkoarekin alderatuta

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 1a, 07:59

Ekainaren lehenetik uztailaren 25era bitarte 1.160 pertsona erregistratu dituzte Tolosaldeko turismo bulegoek, pasa den urtean baino 200 gehiago.

Pasa den urtean izan zen beherakadaren ondoren, aurtengoan bisitarien presentzia eskualdean nabariagoa dela adierazi du Tolosaldea Garatzenek. Zehazki, ekainaren lehenetik uztailaren 25era bitarte %20 pasatxo igo da bisitarien kopurua Tolosaldean.

Bisitarien jatorriari dagokionez, Tolosaldea Garatzenek gogoratu du iaz eskualdeko herritar ugarik aprobetxatu zuela, bisita gidatuak tarteko, inguruko txokoak ezagutzeko. Aurten, ordea, nabarmen jaitsi da bertakoen presentzia, eta eskualdez kanpoko bisitariak asko ugaritu dira, batik bat estatukoak. Bisitari euskaldunen artean, bizkaitarrak dira nagusi, joan den urtekoaren ia bikoitza. Gipuzkoar gehiago ere pasa dira turismo bulegotik.

Estatuko turisten kopurua iazkoaren bikoitza baino gehiago da, eta horien artean gehiengoa, %30, kataluniarrak izan dira orain arte. Ondoren, madrildarrak, valentziarrak eta andaluziarrak dira, hurrenez hurren, eskualdea gehien bisitatu dutenak.

Estatutik kanpoko bisitarien igoera, berriz, apalagoa da oraindik, baina gora egin du. Bereziki Herbeheretako eta Belgikako bisitariak dira nagusi. Frantziarren presentzia, aldiz, ohi baino baxuagoa izan dela orain arte nabarmendu du garapen agentziak.

Alojamenduei dagokienez, ekaina aurreko urtekoaren antzekoa izan da baina uztaila askoz hobea izaten ari dela azaldu du Tolosaldea Garatzenek. "Aurreikuspenak egitea, ordea, ia ezinezkoa da, erreserba eta ezeztapenen dantza etengabea baita". Une honetan, %75eko okupazioa aurreikusten da nekazalturismo eta landetxeetan, eta mantenduko balitz, nabarmen igoko litzateke iazko datua.

Bisita gidatuak abuztuan

Abuztuan zehar, eskualdea gehiago ezagutzeko, eta bisitari eta bertakoei begira, bisita gidatuak izango dira, Tolosaldea Garatzen, Tolosako Udala eta Amezketako Udalaren eskutik:

  • Astelehenetik asteazkenera

10:00 Tolosako Alde Zaharra (ordu eta laurden)
11:30 Tolosako 3 tenpluak, Andre Mariako ganga barne (2 ordu)

  • Osteguna eta ostirala

10:00 Tolosako Alde Zaharra (ordu eta laurden)
11:30 Tolosako 3 tenpluak, Andre Mariako ganga barne (2 ordu) 16:00 Tolosako Santa Maria Parrokiako ganga (ordu 1)
17:30 Tolosako Alde Zaharra (ordu eta laurden)

  • Larunbata

10:00 Tolosako Azoka (ordu 1)
11:30 Tolosako 3 tenpluak, Andre Mariako ganga barne (2 ordu) 16:00 Tolosako Santa Maria Parrokiako ganga (ordu 1)
17:30 Tolosako Alde Zaharra (ordu eta laurden)
18:00 Argi galduaren bila. Amezketa (ordu eta erdi)

  • Igandea

12:00 Argi galduaren bila. Amezketa (ordu eta erdi)

Bisita gidatuei buruzko informazio gehiago lortzeko Tolosako Andre Maria plazako Tolosaldea Tour turismo bulegora jo daiteke, 943 69 74 13 zenbakira deitu edo tour@tolosaldea.eus helbidera idatzi.

Abaltzisketan, Larraitz gainean dagoen Txindokiko Itzala gunean, berriz, Zuhaitz Parkeko ohiko eskaintzaz gain, ekintza gehiago antolatu dituztela hurrengo asteetarako azaldu du Tolosaldea Garatzenek. Orientazioa egingo dute abuztuaren 16an, eskalada abuztuaren 9an eta 13an eta arroilen jaitsiera abuztuaren 24an eta 26an.

Bisita gidatuen eta ekintzen eskaintza

Tolosaldea Garatzenetik esan dutenez, uda ostean Tolosaldea Turismoren marketin plan berria osatu asmo dute. Prozesua, ordea, martxan dago dagoeneko, eta herritarren artean galdetegia zabaldu da turismo ereduaz duten iritzia jakiteko. Iritzi horiek kontuan hartuta diseinatuko dute plan berria. Galdetegia erantzun nahi dutenek, tolosaldeagaratzen.eus orrian edo Turismo Bulegoan bertan bete dezakete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!