Murchanteko hilketa matxista salatu dute Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 9a, 11:16

Matraka Talde Feministak deituta Anoetako plazan egin zuten atzo elkarretaratzea. Gaur, Tolosan eta Villabona-Zizurkil arteko oinezko zubian beste bi mobilizazio egingo dira.

Asteazkenean gertatu zen hilketa, NA-6840 errepidean, Murchanteko futbol zelaiaren parean. Gizon batek autoarekin jo zuen emakume baten ibilgailua, eta errepidetik aterarazi zuen, arroilan erortzeraino. Gizona labana batekin joan zitzaion, eta autoan bertan hil zuen. Emakumea bere seme-alabekin zihoan autoan —9 eta 5 urte dituzte—, eta haien aurrean hil zuen gizonak. 43 urte zituen emakumeak, eta Maria Pilar Berrio Jimenez zuen izena. Gasteizkoa zen sortzez, baina lau urte zeramatzan Murchanten bizitzen.

Ihesari eman zion hiltzaileak, eta haren bila aritu ondoren atzo arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak Donostian. 41 urteko gizonezko bat da susmagarria. Iturri polizialen arabera, gizonak «aurrekari ugari» ditu: 1998. urtean Donostian epaitu zuten, beste bi akusaturekin batera, Ikaztegietako gasolindegi batean lan egiten zuen emakume bat tiroz hiltzea egotzita, baina absolbitu egin zuten. Bestalde, zenbait salaketa jaso ditu, baimenik gabe armak edukitzeagatik eta labanaz eginiko beste eraso batzuengatik.

Elkarretaratzeak Tolosaldea

Atzo Matraka talde feministak deituta elkarretaratzea egin zuten Anoetako plazan eta gaur arratsalderako beste bi deialdi egin dituzte: Tolosako Asanblada Feministak 19:00etan Trianguloan egingo du elkarretaratzea; eta Akain Aiztondoko neska gazteen taldea eta Lurgatz talde feminista ordu berean, 19:00etan, Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian elkartuko dira gaur azkeneko erailketa matxista salatzeko.

Murchantekoa kontuan hartuta, indarkeria matxistak 111 emakume erail ditu Euskal Herrian 2003tik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!