Elkarretaratzeak, Murchanteko erailketa matxista salatzeko

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 8a, 15:08

Ekaina bukaeran Tolosan egindako elkarretaratzea, eraso matxista bat dela eta.

Anoetan gaur egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan plazan, eta Tolosan bihar, 19:00etan Trianguloan.

Anoetako Matraka Talde Feministak eta Tolosako Asanblada Feministak deituta elkarretaratzeak egingo dituzte gaur eta bihar Murchanten (Nafarroa) izandako erailketa matxista salatzeko. Atzo goizean gertatu zen hilketa, NA-6840 errepidean, Murchanteko futbol zelaiaren parean. Gizon batek autoarekin jo zuen emakume baten ibilgailua, eta errepidetik aterarazi zuen, arroilan erortzeraino. Gizona labana batekin joan zitzaion, eta autoan bertan hil zuen. Emakumea bere seme-alabekin zihoan autoan —9 eta 5 urte dituzte—, eta haien aurrean hil zuen gizonak. 43 urte zituen emakumeak, eta Maria Pilar Berrio Jimenez zuen izena. Gasteizkoa zen sortzez, baina lau urte zeramatzan Murchanten bizitzen.

Ihesari eman zion hiltzaileak, eta haren bila ari dira Foruzaingoa eta Ertzaintza, elkarlanean. Azken albisteen arabera Legazpin aurkitu dute bere ibilgailua. Poliziak esan du 41 urteko gizonezko bat dela susmagarri nagusia. Iturri horien arabera, gizonak «aurrekari ugari» ditu: 1998. urtean Donostian epaitu zuten, beste bi akusaturekin batera, Ikaztegietako gasolindegi batean lan egiten zuen emakume bat tiroz hiltzea egotzita, baina absolbitu egin zuten. Bestalde, zenbait salaketa jaso ditu, baimenik gabe armak edukitzeagatik eta labanaz eginiko beste eraso batzuengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!