Ezagutzen al dituzu?

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 6a, 19:58

Tolosaldeko herritarrei buruzko galdera sorta luzatzen ari da egunero ATARIA; ostirala bitarteko epea dago parte hartzeko, eta Tolosako 3 tabernan bi lagunentzako afaria jasoko du irabazleak.

Aurreko saioetan izandako erantzun ona ikusita, TOLOSALDEKO ATARIAK martxan du Instagram bidezko galdera joko berria. Kasu honetan, eskualdeko pertsonaiei buruzko galderen bitartez Tolosaldeari buruzko ezagutza neurtzeko aukera izango da. Hain justu, astelehenean hasi zen egunero sei galdera luzatzen, eta etzi, ostirala bitarte izango da jokoan parte hartzeko aukera. Irabazleak Tolosako 3 tabernan bi lagunentzako afaria eskuratuko du.

Parte hartzeko, Atariaren Instagrameko kanalera (@Tolosaldekoataria) jo besterik ez da egin behar. Parte hartzaileek sei galdera dituzte erantzuteko, eta proposatzen diren hiru erantzun posibleetako bat aukeratu beharko dute. Galderei dagokienez, Tolosaldeko pertsonaien ingurukoak dira. Oihana Iguaran amasar bertsolariaren liburuaren izena, Beñat Iraola diseinatzaile hernialdetarraren arropa markaren izena, Rosa Soroa raketista profesional elduaindarraren ibilbidea, Arantxa Iturbe kazetari eta idazle alegiarraren irratsaioaren izena edota Kaxiano Ibarguren lizartzar akordeoi-jotzailea itsu geratu zenekoaz galdetu da orain arte. Ostirala bitarteko galderei dagokienez, berriz, Maite Gurrutxaga amezketar ilustratzailea, Mikaela Elizegi asteasuar bertsolaria, Iñaki Otaegi Gibitegi harri-jasotzaile goiaztarra edota Garbiñe Biurrun epaile tolosarrari buruz galdetuko da.

Parte hartzeko ez da baldintzarik bete behar, edonork jolastu ahalko du, bai ATARIA-ren Instagram kanalaren jarraitzaile direnek bai eta ez direnek ere. Instagram bidez proposatutako aurreko galdera jokoek harrera oso ona izan dute, 350 pertsona baino gehiagok parte hartu dutelarik. Oraingoan ere jende ugari ari da parte hartzen, beraz, jarraitzaile guztiak animatzen ditu galderak erantzutera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!