Altuna III VS Rezusta _ Buruz Buruko Finala 2021

Finala eskualdekoen begietatik

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 21a, 07:59

Luis Galarraga, Beñat Urretabizkaia, Mikel Artola, Iñaki Perez de Eulate, Ekaitz Saralegi eta Xabier Tolosak beraien Buruz Buruzko finalaren analisia egin dute.

«Buruz Jokin Altuna oso bat ikusi dugu»

LUIS GALARRAGA
PILOTA ADITUA, BIDANIA-GOIATZ

Jokin Altuna handi bat ikusi dugu. Rezusta ahal duena jokatzen, edo Jokinek utzi diona jokatzen. Hasieratik bukaeraraino partida oso konpletoa. Aurreneko tantotik oso fresko ikusi da; eskuetatik oso ondo ateratzen zitzaion eta hankak suelto. Buruz Jokin Altuna oso bat ikusi dugula esango nuke, eta baita fisikoki ere. Partida estuago bat nahi genuen guztiok partidaz gehiago gozatzeko, baina nik asko disfrutatu dut, batik bat Jokin Altuna jokatzen ikusita. Lehen txapelketa jokatu zuenetik asko hobetu du, eta buruz ikaragarri irabazi duela esango nuke. Zorionak eta segi dezala horrela.

«Bere mailatik gora egon da Altuna»

BEÑAT URRETABIZKAIA
PILOTARI OHIA, IKAZTEGIETA

Egia esan Jokinek oso partida borobila egin duela iruditu zait. Bere mailatik gora egon dela esango nuke eta ikaragarri jokatu duela. Txapelketa guztian erakutsi du horrela jokatuta inork ez diola irabaziko. Oso harro nago berarekin txapelketa oso ona egin duelako. Espero dut urte askotan txapela gehiago irabaztea. Gu berarekin egongo gara, eta baita bera animatzen ere. Beste aldetik, Iñakiri ere animoak eman nahi dizkiot. Finalaren zati bat berea baitzen eta ez duelako jokatzeko aukerarik izan. Berari eskaini nahiko nioke dena.

«Dena perfektu egin du Altunak»

MIKEL ARTOLA
BOTILEROA, ALEGIA
Finalean uste dut izugarrizko partida jokatu duela Jokin Altunak. Hobeto jokatzea ere zaila da. Dena perfektu egin du. Beñat Rezustak agian zerbait  gehiago jokatu zezakeen, baina utzi ere ez dio egin Jokinek. Merezitako txapelduna da Altuna. Guk etxera etortzea nahi genuen txapela, baina auzora joan da. Urruti ez dago eta gustura. Altuna zaleek beste txapela bat dute. Zorionak
Jokin Altunari, eta baita familiari eta bere inguru guztiari ere.

«Heldutasun izugarria hartu du azken urtean»

IÑAKI PEREZ DE EULATE
AMEZKETAKO PILOTA BIZI ELKARTEKO KIDEA

Jokin Altuna zoriondu nahiko nuke egin duen final izugarriagatik, eta ez bakarrik finalagatik bakarrik, baizik eta egin duen txapelketa guztiagatik. Konfiantza handiarekin jokatu duela ikusi da, eta azken urtean heldutasun izugarria hartu duela uste dut. Bi gauza esango nizkioke. Iaz ikusi zuen zer den galtzea, eta aurten zer den irabaztea. Gaur zerura ez joateko eskatuko nioke, iaz ia infernura joan zen bezala. Gauza bata eta bestea bere tamainan hartu behar dira, eta bihartik aurrera berriz ere esfortzua eta egunerokoa etorriko dira. Eta, kontrarioak irabazten duenean bere meritua aitortu behar zaio.

«Hasieratik izugarrizko erakustaldia egin du»

EKAITZ SARALEGI
PILOTARI OHIA, AMEZKETA

Partida ikaragarria egin du. Izugarrizko erakustaldia hasieratik bukaerara. Tantotik tantora kontzentratuta, pilotari emanez eta Rezustari jokatzen utzi gabe. Txapelketa guztian partida latzak jokatu ditu, eta finalean ere bai. Merezitako txapela da. Nik uste dut iaz golpea hartu zuela, baina egunetik egunera asko entrenatzen du, profesional ikaragarria da eta objektiboak hartzen dituenean lortzea ere gustatzen zaio. Ikusi da iaz kolpea hartu ostean, lau eta erdiko txapela irabazi zuen eta txapel honekin erremate latza. Mila zorion eta segi dezala horrela. Ea hurrengo urtean ere Altuna eta Artola egokitzen diren.

«Merezimendu guztiz irabazitako txapela»

XABIER TOLOSA
PILOTARIA, ANOETA

Jokin Altuna jaun eta jabe izan da partida guztian zehar. Jokoaren ekimena berea izan da, eta Beñat Rezusta bere menpe egon da partida guztian zehar. Jokin Altunak eman duen erakustaldi eta mailarekin partida erraz irabaztea lortu du. Merezimendu guztiz irabazitako txapela dela iruditzen zait, txapelketa guztian zehar sekulako maila eman duelako. Erakutsi du buruz buru momentu honetan inork gutxik daukala kontra egitea berari. Asko pozten naiz txapela irabazi duelako eta zorionak Jokin Altunari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!