Zazpigarren ilara

«Aurrera egiteko bide bakarra egitea da, ez dago besterik»

Bai zuzendari lanetan bai aktore gisa eroso sentitzen den artista da Mireia Gabilondo (Bergara, 1964). Interpretazioari dagokionez, Kutsidazu bidea, Ixabel filmak eta Martin telesailak ikusgarritasun handia eman zioten Euskal Herrian. Duela gutxi, Altsasun bere lana ikusteko aukera ere izan dugu. 

Antzerkian, biran dabilen Utzi zure mezua seinalearen ondoren antzezlanean parte hartzen du. Zuzendari moduan El florido pensil zuzendu zuen antzerkian eta Erlauntza antzezlana pantaila handira eraman du, besteak beste. Azkena: estreinatu berri den Ameriketako bidaia antzezlana.

Non egin zenituen ikasketak?

Bergarako institutuan jaso nituen lehen klaseak. Gero herrian taldetxo bat sortu genuen eta hemezortzi urterekin Donostiako Antzerti eskolara joan nintzen, lau urte egon nintzen bertan. Bien bitartean, pedagogia ere ikasi nuen baina hirugarren urtean alde batera utzi nuen. Antzerki ikasketen laugarren urtean Tanttakatik deitu zidaten Ondoloinikuskizunean ordezkapen bat egiteko eta bertan geratu nintzen kide bezala.

Beraz, zure lehenengo lan profesionala 'Ondoloin' izan zen?

Eskolan nengoela irakasle batek Brechten obra bat muntatu zuen, Las aventuras del buen soldado Svejk izenekoa. Hor aktore moduan ere egon nintzen baina ez zen lan profesionala izan. Gogoan dut antzezlan horretan benetako polizia-txakur polit batekin atera behar nuela eszena batean, beste ordu eta erdia kamerinoan pasatzen zuen gizajoak… Azkenean txakurraren laguna egin nintzen.


Beste mila anekdota izango dituzu kontatzeko.

Il Flaminio emanaldia opera bufa bat zen, jende asko ginen agertokian aktoreon eta abeslarien artean eta ikuskizunarekin Bergarara joan ginen. Une batean, agertokira korrika sartu behar nuen poz-pozik, baina lau pauso eman, irrist egin eta lurrera erori nintzen. Noski, nire herria izanda, jende guztia txaloka hasi zitzaidan. Niretzat okerrena zera da, barrea sartzen zaidala askotan. Orain gutxiagotan gertatzen zait, neure buruari hor ez sartzen behartzen saiatzen naizelako, baina gazteago nintzela askotan barreak ematen zidan. Urduritasunak eragiten du hori. Nire lankide bat nahastu dela ikusten badut edo galduta dabilela… ni ere berarekin joaten naiz zuzenean. Burura beste anekdota bat ere badatorkit: Mefisto emanaldiarekin gertatutako bat. Askotan eskola-funtzioak egiten genituen, publiko nerabea edukiz. Harrotuta etorri ohi ziren, txistuka eta txalo asko egiten. Halako emanaldiak genituenean apur bat urduriago egon ohi ginen. Norbait barrezka hasi zen eta besteak kutsatu zituen. Egoera ikusita, Josepa Apaolazak agertokira gogor eta tinko sartzea pentsatu zuen barreak errotik mozteko. Bi pauso eman eta lehen hitza esan zuenean bera izan zen algaraka hasi zena, ezin gelditu. Besteok bizkarra eman behar izan genion publikoari, irrigarria izan zen. Beste behin komunera nindoala esan nuen agertokitik ateratzeko aitzakia izatearren, barreari ezin eutsi nengoelako.

 

«Aktore batek zuzendariarengan konfiantzarik ez badu, hobe etxera joatea»


Aktore izateaz gain, zuzendaria ere bazara. Zer eskaintzen dizu lanbide bakoitzak?

Oso gauza desberdinak dira. Zuzendari moduan guztia zugandik ateratzen da, denaren kontrola duzu: estetika, estiloa, tonoa… osotasun bat daukazu. Bereziki aktoreak zuzentzea gustatzen zait zineman, telebistan edo antzerkian dela ere. Erlauntza filmean adibidez, politena aktoreekin egindako lana dela iruditzen zait, azaldu nahi duzun hori aktoreen bitartez nola azaldu. Aktore gisa lan egiten dudanean, zuzeneko horrek erakartzen nau, etenik gabe publikoaren aurrean hasi eta bukatze hori. Zinema gutxi egin dut, nahiz eta nahikoa telebista egin dudan, baina batez ere antzerkian aritu naiz urte guzti hauetan. Zuzendariaren eskuetan jartzea ere asko gustatzen zait, bakoitzak gauza desberdinak ematen dizkizu. Aktore batek zuzendariarengan konfiantzarik ez badu, hobe etxera joatea.

Zerk bultzatzen gaitu emanaldi berbera euskaraz eta gaztelaniaz egitera?

Nik uste norberaren erabakia dela. Badira taldeak euskaraz bakarrik eskaintzen dutenak, gaztelaniaz soilik eskaintzen dutenak gutxiago. Katalunia eta Euskal Herria ez daude maila berean hizkuntzari dagokionez, han bada publiko zabal bat antzerkia katalanez kontsumitzen duena. Hemen, ordea, beste bide bat daukagu eta jende asko dago oraindik Euskal Herrian euskaraz hitz egiten ez duena. Gure kasuan, Tanttakarekin hasieran zaila zen euskaraz egitea, ez zegoelako normalizazio linguistikorik. Urteak pasa ahala, ikuskizunak bi hizkuntzetan eskaintzea erabaki genuen hala nahi izan dugulako. Kontuan hartu behar da hemendik kanpo ere lan egiten dugula eta gazteleraz egitea horretarako laguntza da. Orain Sisiforen paperak eskainiko dugu Madrilen, eta bi emanaldi euskaraz egingo ditugu, guk hizkuntza bat badugula eta hori erabiliz lana egiten dugula erakustea garrantzitsua iruditzen zait. Bartzelonako Teatre Lliuren Soinujolearen semearekin ere euskaraz aritu ginen. Nik bi hizkuntzak hitz egiten ditut eta bietan lan egitea gogoko dut. Erlauntza filmaren grabaketa ere hala egin dugu, bi bertsio original sortuz. Gainera, aktoreontzako erronka handia da, neuronak oso bizi izan behar dituzu uneoro.

Feminismoaren ikuspuntutik, zer istorio falta dira euskal fikzioan?

Infinito. Askotan 'feminista' hitza erabiltzea zaila egiten da oraindik ere, baina nik beldurrik gabe esan nahi dut garrantzitsua dela beste ikuspuntu batetik hezi diren gazteak haien sexualitateari, harremanei, mutil edo neska izateari eta abarri buruz hitz egitea. Gauzak aldatzen joango dira gazteek haien normaltasunetik azalduko dituztelako gai horiek.

'Pikuak' telesailarekin apustu nabarmena egin da, baina bigarren denboraldia zalantzan dago. Nolakoa da gazteon etorkizuna?

Oso zaila. Bai gazteentzat eta bai zaharragoak garenentzat. EiTBk gauza asko ez ditu aurrera eramaten, gure kasuan Erlauntza filma aurkeztu genien diru-laguntza eskatuz eta interesik ez zutela esan ziguten. Gure erabakia, ordea, gure baliabide propioak erabiliz proiektua aurrera ateratzea izan zen. Behin pelikula eginda, badirudi emango digutela laguntzaren bat. Ofizio hau orokorrean konplikatua da, zaharra ala gaztea izanda ere. Hasieran azpiegitura izatea zaila da, noski. Nik orain badut lantaldea bulegoan. Gainera, pandemiaren erruz diru gutxiago dago proiektu berriak sortzeko eta programatzeko. Orain ezetza jasotzea errazagoa da. Pikuaken kasuan, garrantzitsuena haien istorioa azaldu dutela iruditzen zait eta jarraipena zalantzan izatea ba pena handia da. Horren aurrean erabaki bakarra dirurik gabe, diru gutxirekin edo norberaren diru edota lanorduekin aurrera jarraitzea da. Atzerapauso handia da, hainbeste urte lanean lortutakoak galtzen dituzula dirudi. Horrek mina ematen du. Aurrera egiteko bide bakarra egitea da, ez dago besterik. Telebista bakarra daukagu eta erabakiak haien eskuetan daude, orain zuzendari berria dute eta ea zer gertatzen den.

Badira bi emakume talde gutxi ikusten direnak: berrogei urtetik gorakoak eta kamara atzeko postuetakoak. Zu bi talde horietan kokaturik zaude. Nola bizi duzu?

Hori horrela da, datuak eta estatistikak hor daude, objektiboa da. Nire kasuan, neronek aukeratzen dut zer egin eta zer ez, nire gogoaren arabera. 'Pribilegiatu' bat naiz zer eta norekin egin nahi dudan aukeratzen dudalako. Arazo horren soluzioa emakumeok gauzak egiten hastea edota jarraitzea da. Guk geure istorioak azaldu behar ditugu, eta ondorioz emakume protagonista gehiago izango ditugu, adin ezberdinetakoak… Adin jakin batetik aurrera ez da interesa galtzen, begirada non jartzen den da garrantzitsua. Amona batek gazteen istorioak azal ditzake. Gustura egiten dut lan emakume zein gizonekin, baina egia da gero eta gehiago lan egiten dudala emakumeekin, abanikoa lehen baino zabalagoa delako.

MOTZEAN

 

Seriea. This is us, aktoreak oso ondo daude.

Antzezlana. El bar que se tragó a todos los españoles, Madrilen ikusi dut. Hiru orduko antzezlana, baina bost minutu ere ez zituen soberan.

 

PIKUAK, 2020

 

Zuzendaria: Maddi Castro.

Aktoreak: Ainhoa Artetxe, Miren Nogales eta Amaia Ruiz de Galarreta.

Ikusgai: EITB nahieran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!