Jaka VS Altuna III _ Buruz Buruko Finala 2020

Eskualdeko pilotarien erreakzioak

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 30a, 07:59

Atzo, Jokin Altunak eta Erik Jakak jokatutako finalaren ostean, eskualdeko sei pilotariren erreakzioak bildu zituen ATARIA-k. Hona hemen Xabier Tolosa, Iñaki Artola, Jon Ander Peña, Jon Erasun, Beñat Urretabizkaia eta Iker Elizegiren hitzak.

«Emozioz betetako finala izan da»
Xabier Tolosa (Anoeta)

Final estua izan da eta Jakak sekulako partida jokatu du. Merezimendu osoz irabazi du. Jokin Altunak gaur ez du bere hoberena eman, baino uste dut harro egon behar duela egin duen txapelketarekin. Erik hasieratik erritmoa ezarri du kantxan eta Altuna ez da eroso sentitu. Horrez gain, Erikek ideiak garbiak izan ditu; aukera zuen bakoitzean tantoa bukatzen saiatu da, eta bukatzen saiatzen zen aldiro, emaitza ona lortu du. Kontrakoa gertatu da Jokinekin. Partida aurrera joan den heinean, tartea handitzen joan da, Erikek tarte hori ondo kudeatzea lortu du, baina bukaera aldera beharbada bete samar ikusi zaio. Jokinek momentu hori aprobetxatu du eta azkenean, bukaera nahiko estua izan da, emozioz betea. Zorionak Eriki eta animo asko Jokini. 

 

«Eriken txapelari ezin zaio bainarik jarri»
Iñaki Artola (Alegia)

Egun hauetan presioaz asko hitz egin da. Nabaritzen zen presio hori Erikek eramango zuela, baino nik uste presio horrek baduela zerikusia gauzak bizitzeko moduarekin. Erikek denbora luze bat darama partidak oso ondo aurrera eramaten, bere buruarengan sinesten eta presio hori gabe jokatzen. Jokinek ez du jokatu bere bete-beteko partiden antzera, baino hala ere irabaztetik oso gertu egon da eta horrek ere zerbait esan nahi du. Erikek berriz, gauzak oso ondo egin ditu. Oso erasokorra da eta egunen batean hutsegite asko egiten baditu, hutsegite asko egiten dituela esango dugu, baina hori da bere jokatzeko modua. Merezitako txapela da eta kasualitatea izan daiteke, baina Bakaikoa, Elezkano eta Altunari irabazi die. Beraz, Eriken txapelari ezin zaio bainarik jarri.

 

«Hasieratik oso desorekatua egon da finala»
Jon Ander Peña (Tolosa)

Hasieratik oso desorekatua egon da finala. Batetik, Erik oso fresko eta oso lasai ikusi dut eta bestetik, Jokin nahiko lotuta nabaritu dut. Erikek kristoren partida egin du gaur, oso agresibo jokatu du eta atera egin zaio, oso merezita du garaipena. Buruz burukoa horrela izaten da; lauzpabost tanto segidan edozeinek egiten ditu, saketik asmatuz gero, eta zuk ez baduzu zurea ematen, ba horixe... Bukaeran Erik nahiko hustuta ikusten nuen, baina azkenen tanto bat geratzen zitzaion eta lortu du. Buruz burukoak aurten eskualdeko txapelduna eta txapeldunordea izateak zeozer esan nahi du; Gipuzkoan, Tolosaldean, maila handia dago profesionalak garenon artean eta nik uste oso pozgarria dela eskualdearentzat. 

 

«Jokin ezinean egon da; ezin izan du Jakaren erritmotik atera»
Jon Erasun (Zizurkil)

Partida gogorra izan da, erritmo handian. Bi pilotariek hanka aldera jokatzen ikusi dira eta bata besteari airea kendu nahian. Nire ustez, joko horretan Jakak hobeto asmatu du eta partida guztian zehar hobeto jokatu du. Jakaren partida hasiera hobeagoa izan da; erritmo handian jarri du jokoa eta erremate azkarretan kale egin arren, erabakiak argi ikusi zaizkio, jokoaren ekimena berea izan da. Jokin berriz, ezinean egon da; ezin izan du Jakaren erritmotik atera eta ez du asmatu nola jokatu Jakarekin. Urduri egon da eta ez du  bere maila eman. Hala ere, nahiz eta Jaka gehiago izan, Altuna partidan sartuta egon da.  Hala ere, Jaka 21-14 aurreratu da eta nik uste urduritu dela, garaipena gertu ikusten zuelako. Tarte horretan Jakak nahiko opari egin dizkio Altunari; partida irabazteko aukera eman dio.

 

«Erikek oso ondo prestatu du txapelketa»
Beñat Urretabizkaia (Ikaztegieta)

Finala nahiko estu joan da, batez ere, buruz eta tentsio aldetik. Jokin oso lotuta ikusi dut partidako momentu guztietan, eta Erik berriz, hasiera hasieratik ezer galtzekorik gabe eta inongo beldurrik gabe aritu da. Aurreneko tantoetan ikusi da Jokinek tantoaren amaieran pilotarekin erabat aurrera egiten zuela eta Jokinek berriz, aurrera egin beharrean, bi pauso atzera eginez eta pixka bat kontserbadore jokatu duela iruditu zait. Uste dut Jokinek sakean ez duela bat bera ere asmatu, nahiz eta bukaeran tanto batzuk sakearekin egin. Erikek hasieratik erakutsi du txapelketa hau oso ondo prestatu duela, batez ere, psikologikoki oso indartsu ikusi dut. Asko pozten naiz Erikengatik, asko saiatu da. Jokinek beste behin erakutsi du txapeldun handia dela. Berarentzat animorik handiena eta besarkada handi bat.

 

«Guztiz merezitako txapela»
Iker Elizegi (Asteasu)

Erik hasiera hasieratik oso serio, kontzentratuta eta txukun atera da. Ideia garbiekin. Piloteoa menderatu du eta aukera izan duenean tantoa bukatu du. Hasieratik bukaerara partida  txukun bat egin du Erikek. Bestalde, Jokini kosta egin zaio, tentsio edo presioarengatik. Finala, finala izaten da eta kosta egiten da. Horren meritua Erikena, ez diolako Jokini utzi jokoan sartzen eta partida oso txukuna egin du. Hala eta guztiz ere, Jokinek amaieran estutu egin du, baina erremate txukun baten ondorioz, Erikek irabazi du txapela eta guztiz merezitakoa dela esango nuke. Ez zen faborito, baina txapelketa guztian zehar frogatu duen moduan, bere merezimenduengatik egon da finalean eta hori irabazi du ere. Guztiz merezitako txapela izan da. Oso harro nago. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!