Elkar zorionduz, goratuz, eta elkarrekin bizi izandako makina bat une eta anekdota gogoratuz. Halaxe pasatu dituzte azken egunak Jokin Altunak eta Erik Jakak. Lagun minak izanik, espero zitekeen halakorik. Elkarrekin ere entrenatu ziren herenegun. Baina kito. Altunak berak BERRIAri iragarri zion bezala, mugarri izan da igandeko buruz buruko finalaren pilota aukeraketaren bezpera. Atzo azaldu zuenez, ez zuten hitz egin finalaz. Entrenatu besterik ez ziren egin. Finala jokatzen hasiak ziren.
Eta atzo osatu zuten lehen egitekoa finalari begira: pilotak aukeratu zituzten, Bilboko Miribilla frontoian. Kantxara irten bezain laster utzi zituzten bazter batean lagun handi baten aurka jokatzeak eragindako sentimendu festa. Euren jokoa egiteko eta aurkariari min handien egiteko pilotak aukeratu behar zituzten. Azkar egin zuten, saskian zegoena gustuko izan zuten seinale. Jakak amaitu zuen aurrena lana. «Sorta oso ona zen. Denetarik zegoen, biziagoak, baxuagoak, eta segituan topatu ditut nahi nituen pilotak: frontisean oso biziak ez direnak, baina biziak direnak zorua ukitzean. Jokinenak ere gustatu zaizkit». 104,8 eta 105,1 gramoko pilotak aukeratu zituen. Altuna III.a ere «gustura» azaldu zen, bai hark aukeratutako pilotekin, baita Jakak hautatutakoekin ere. Pisu gutxiagokoen alde egin zuen: 104,6 eta 104,7 gramokoak.
Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean.