Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 2020

Indarkeria matxistaren aurrean, autodefentsa saretu

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 22a, 16:43

Pandemiaren erdian, Uzturreko puntan elkartu dira Ibarra eta Tolosako Asanblada Feministak indarkeria matxistari ozen ez esateko.

Pandemia garaian, indarkeria matxistaren datuek gora egin dute. Hori dela eta, gaur Uzturreko puntan elkartu dira Ibarra eta Tolosako Asanblada Feministak indarkeria matxista salatzeko helburuarekin:

"Pandemiaren erdian Uzturreko puntan elkartu gara feministok indarkeria matxistari ozen EZ esateko! Gure mugikortasuna, harremanak, antolaketa mugatu zaizkigun honetan, mendiak ematen digun askatasun eremua probestu nahi dugu elkarren arteko energiaz bete eta zokoratu nahi gaituen sistema honen aurrean zutitzeko.

Pandemiak areagotu egin du 2008tik zetorren eremu askotako krisia. Lehertu zaiguna ez da osasun-krisia soilik. Biluzik utzi ditu sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak eta horrez gain, agerian geratu da zer den jendarte desorekatua, injustua eta askotariko indarkeriek zeharkatua.

Datuek argi diote pandemia garaian indarkeria matxistak gora egin duela. Hain zuzen, epidemiaren aurrean gobernuek emandako erantzunek, lehendik martxan zeuden mekanismoak areagotzea ekarri duelako. Elkar zaintza bultzatzea ezinbestekoa da, eta hori posible egingo duen proposamen politikoak behar ditugu; heteropatriarkatuaren, pribatizazioaren, kapitalismoaren eta kolonialitatearen arrakaletatik haratago doazenak.

Eskala indibidualean eta familia nuklear heteroarautuen logikan pentsatu dira azken hilabetean hartutako neurriak: konbibentzia burbuilak, familiakoak zaintzeko baimen bereziak... Eta ez da zalantzan jarri burbuila nuklear horiek emakume edota generoaren disidente askorentzat espazio seguruak ote diren. Ez dira eskaini bertan ematen diren biolentzia matxistei aurre egiteko baliabideak. Ez dira kontuan hartu bestelako harremanak, familiaren iruditegi patriarkaletik irteten diren sostengurako harremanak. Egoera honek antsietatea areagotu du, desjabetu egin gaitu, eta harreman birtualak aurrez-aurreko topaketa eta antolakuntzaren konpentsazio bezala aurkeztu zaizkigu. Ez dira horrela, ordea, inondik inora.

Egoera hau izanda ere, ez gara besoak gurutzaturik geratu, eta zailtasun guztien gainetik harremantzen eta antolatzen jarraitu dugu. Gaur, ezinbestekoak dira antolakuntza feminista eta herrigintza, oinarrizko eskubideak. Lehentasunezkoa da gure komunitate feministak jostea eta aktibatzea larrialdi egoera honi aterabidea emateko. Indarkeria matxistaren aurrean, guk babes sare anitzak nahi ditugulako! Eta ozen diogu, indarkeria matxistaren aurrean, autodefentsa saretzen jarraituko dugula! GORA BORROKA FEMINISTA!"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!