Enirio-Aralar

Agintaldia asmo berriekin

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 22a, 15:59

Enirio-Aralar mankomunitatea osatuta dago, eta Aholku Batzordea jarri dute martxan, erabakiak hartu aurretik, elkarte eta herritarrekin iritziak partekatzeko.

Udal hauteskundeen ostean, Enirio-Aralar Mankomunitatea ordezkari berriz osatu da. Hamabost herrik osatzen dute, eta horietatik Abaltzisketa, Amezketa, Baliarrain, Ikaztegieta eta Orendain dira Tolosaldekoak. Uztailaren 29ko batzarrean erabakita, Ordiziako alkatea eta EH Bilduko ordezkaria den Adur Ezenarro izango da lehendakaria.

Berrikuntzen artean, Enirio-Aralar Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeak erabakita, mankomunitatearen barruan landuko diren gaien inguruan aholkurako eta eztabaidarako osatu den organo berria dago: Aholku Batzordea. Mankomunitateko herritar guztientzat irekia den batzorde berria eratzeko proposamenak, aldeko zazpi boto jaso zituen: Amezketa, Ataun, Ikaztegieta, Itsasondo, Legorreta, Ordizia eta Zaldibia. Aurkako bi Abaltzisketa eta Altzaga, eta lau abstentzio Baliarrain, Gaintza, Lazkao eta Orendain. Ez ziren egon Beasain eta Arama.

Lehen aldiz, urrian egin zuten bilera, eta lehen batzarrean Enirio-Aralarko Larreen Antolaketa Plana aurkeztu zuen EH Bilduk. Planak «pista berriak egin ordez, jadanik eraikita daudenen alboan txabola berriak egitea», proposatzen du. 40 txabola daude Enirio-Aralar Mankomunitatean, eta irisgarritasunari begiratuta, txabola horietatik 19k dagoeneko badute pista. Hirutara traktorez irits daiteke, eta beraz, hamahiru txabola dira «irisgarritasun arazo larriak» dituztenak.

Txostenak beharrak lehenetsi ditu, bi taldetan banatuz: mendian ardiak jetzi eta gazta egiten dutenak, eta mendian gaztarik egiten ez dutenak. Egun, 39 artzain daude ardiak igotzen dituztenak, baina txostenak dio behera egingo duela, «artzain askok ez dute erreleborik ziurtatua».

Pista berrien eskaeren aurrean, Aralar Natura Parkea den aldetik, legeak berak babesten du, eta txostenak ere argi adierazten du: «Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Planak erabat mugatzen ditu pista berriak egiteko aukerak, eta txabola horiei bidea irekitzeko aukerarik ez du uzten». Hori horrela, «dauden azpiegiturak aprobetxatuz, jadanik eginda dauden pisten inguruetan borda berriak egitea» proposatzen du EH Bilduk. Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakari berriak argi utzi zuen «aurkeztutako txostena proposamen bat» dela. Bestalde, Aralarren dagoen animalia kopuruarekin kezka agertu zuten mankomunitateko hainbat ordezkarik, eta aurkeztutako txostenak «azienda-zamaren doitzea» aurreikusten du.

Azaroaren 12an, mankomunitateak ezohiko batzarra egin zuen, eta gai ordenako puntu guztiak onartu ziren ezezko botorik gabe. Besteak beste, mankomunitateak duen egoera ekonomiko larriaren aurrean udalek ekarpen berezia egitea aho batez onartu zuten: «Mankomunitateak ez du dirurik 2018ko faktura batzuk ordaintzeko». Inbertsioen atalean, aho batez onartu zuten Arinate eta Elordirako ur lanak egitea.

Landarlanentzat «norabide ona»

Lehen Aholku Batzordean jende askok parte hartu zuen, eta tartean ziren Landarlan ingurumen elkarteko kideak. «Mankomunitateak izan behar duen erakunde ireki eta gardenaren bidean pauso ona da», diote. Era berean, larreen antolaketarako planaren aurrean ere ados agertu dira: «Datu ofizialetan oinarrituta dago eta Aralar Natura Parkearen legedia aintzat hartuz eginda. Positiboki baloratzen dugu pista berriak egin beharra ez proposatzea».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!