Ramon Olasagastik Lizardi Saria jaso du, bigarren aldiz

Mikel Iraola 2018ko api. 24a, 16:27

Argazkiak: Zarauzko Hitza

Sasiolako errotaria lanagatik eskuratu du saria berrobitarrak, eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren aitzakian, atzo egin zuten sari-banaketa ekitaldia Zarautzen.

Bigarren aldiz irabazi du Ramon Olasagastik Lizardi Saria. 2014an Sugaar ipuina saritu zuten, eta aurtengo XXXVI. edizioan, aurkeztutako 14 lanen artetik Sasiolako errotaria izeneko bere lana saritu du epaimahaiak.

Atzo eman zioten saria, Zarauzko Sanz Enea liburutegian, liburuaren egunarekin eta Xabier Lizardiren jaiotzaren urteurrenarekin bat eginez. Olasagastik 4.000 euroko saria jaso du, eta horrez gain, bere lana argitaratu dute. Hain zuzen, udalak 2.500 ale banatuko ditu herriko ikastetxeetan, doan.

Xabier Sagasta marrazkilari eta arkitektoak egin ditu liburuaren ilustrazioak, eta bereziki berari eskertu nahi dio saria: «Nik adinako ilusioz hartu zuen egitekoa. Lan ederra egin du, txuri-beltzean iragana irudikatuz, eta koloretan gaur egungoa. Hartu-eman berezia izan dugu, ilustrazioak osatzeko prozesuan. Horregatik diot liburu hau ez dela nirea bakarrik, biona da», azaldu zuen Olasagastik atzoko ekitaldian. Bere irakurle finenari, Manex semeari, eta familiari ere eskaini die saria Berrobin jaio eta Tolosan bizi den kazetari eta itzultzaileak.

Halaber, haurrei zuzendutako euskarazko literatura zabaltzeko «Zarauzko Udalak Lizardi Sariarekin egiten duen ahalegin berezia» txalotu nahi izan du: «Nire etxean ez zegoen libururik. Ama zenak ez zekien irakurtzen, eta Tolosara enkargutara jaisten ginenean libururen bat erosteko eskatzen nion. Gogoan dut nire burua oso txikia nintzela, kasketarekin, ez zidatelako libururik erosi. Asko tematzen nintzen, eta azkenean erosi zidaten libururen bat edo beste. Famosas Novelas delakoak izaten ziren, eta ipuin horiek urruneko munduetako leihoak zabaltzen zizkidan. Orduan zaletu nintzen irakurtzera eta idaztera. Txalotzekoa eta garrantzitsua da horrelako opari edo ekimenak egitea, haurrei liburuak eskura jartzeko», aitortu du.

Misterioa, fantasia eta beldurra

Horiek dira Sasiolako errotariaren hiru osagai nagusiak. Sasiola izeneko herri txiki bateko errota abandonatu baten inguruan josten da ipuina. Belaunaldiz belaunaldi gaztetxoen artean sortzen diren harremanak jorratzen ditu, bi denbora planotan, misteriozko ukituarekin eta bullyinga zeharka jorratuz: batetik, XX. mende erdian Sasiolako errotan desagertu zen Jatsu gaztearen istorio iluna, eta bestetik, gaur egungo gertaera bat, Ander gazteak biziko duena. Ipuinak aurrera egin ahala, bi planoak uztartzen joango dira.

Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Alex Gurrutxaga eta iazko garaile Leire Bilbaok osatu dute epaimahaia, eta Arrietak hitz ederrak eskaini zizkion atzoko ekitaldian Olasagastiri: «Hiru osagai. Bi alderdi mugalari elkarlanean: errealitatea eta fantasia. Bi denbora: iragana eta orainaldia, elkar josita, puntada lasaian. Bi gazte, bakoitza bere sasoian, bakoitza bere testuinguruan. Parez pareko emozio kontrajarriak jokoan: laguntasuna eta bullyinga, beldurra eta ausardia, mendekua eta damua... Hitzen musika, konpas dotorean eramana. Gatza eta piperra. Eta intriga barra-barra. Emaitza, aurtengo Lizardi Saria».

Halaber, hizkuntzaren «erabilera eraginkorra» nabarmendu dute epaimahaikideek: «Euskarak hamaika kolore har ditzake, eta ipuin honek hori erakusten du: hizkera aberatsa ez ezik, eraginkorra eta txispaduna da, hizkuntzaren errekurtsoak naturaltasun eta graziaz aprobetxatzen dituena, narrazioa behartu gabe».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!