Enirio-Aralar

Enirio eta Igaratzako txabolen arteko pista proiektua "onartezintzat" jo du Naturkon taldeak

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 13a, 13:45

Naturkon taldeko hainbat elkartetako ordezkariak izan dira prentsaurrekoan.

Pista "ez dela beharrezkoa" esan du Gipuzkoako hainbat natur eta ekologista elkarte biltzen dituen Naturkon taldeak. Proiektu berriak iaz eraikitako pistako "lege hausteei eusten" diela salatu dute.

Naturkonek eskatu dio Ingurumen Departamenduari pista proiektua eta bere ebaluazio inpaktua ez onartzeko, "Aralarren sortuko dituen inpaktu larriengatik eta irisgarritasuna hobetzeko alternatiba jasangarriagoak eta mendi ingurunera hobeto egokitzen direnak badirelako".

Naturkonek adierazi du Igaratzako txabolek badutela jada Nafarroatik barrena 4x4 ibilgailuz euren ateraino iristeko pista. "Gainera, pista bihurtu nahi den oinezkoen bidea bizikletaz edo motoan ibiltzeko modukoa da", azaldu du Koldo Mitxelena Kulturunean egindako prentsaurrekoan. 2,275 kilometroko bide hori (PR-Gi 2010) "antzina-antzinatik mendizale eta oinezko askok" erabili dutela azaldu du, Goierritik Igaratzara eta Aralarko San Migelera joateko. "Oso ederra izateaz gain, balio historiko eta kultural handiko bidea da; horregatik, babestu egin beharko litzateke eta ez pista bihurtuz ondare hori betiko galdu". Trashumantzia Kultur-ondare Immaterialaren Adierazgarri bezala deklaratuta dagoela ekarri du gogora, eta "bide hori ardiak larretara igotzeko eta horietatik jaisteko Aralarren geratzen den bidezidor gutxitakoa denez, uste dugu bere horretan mantendu behar dela, ardiak larretara eramateko nahiz ondorengo belaunaldien gozamenerako".

Naturkonetik salatu dute Aralar Bizirik plataformak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak Ingurumen diputatuari bilera eskatu ziotela uztaila erdialdera, txabola horietara iristeko Eniriotik dagoen oinezko bidea pista bihurtu gabe alternatiba aurkezteko, eta oraindik ez dutela erantzunik jaso. "Handik egun batzuetara, Foru Aldundiko Ingurumen departamendu berak, pista proiektu horri buruzko ekarpenak egiteko epea, uztailaren 24tik irailaren 7ra ireki zuen, abuztua opor hilabetea izanda, natur eta ekologista elkarteon parte hartzea zailduz, Aldundiaren gobernantza onaren helburuen aurka", gaineratu du taldeak.

Ingurumen Fiskaltzak iaz egindako pistaren kasua Tolosako epaitegiaren esku utzi duela ekarri du gogora Naturkonek, Eguzki eta Landarlanek egindako salaketaren haritik, "proiektuan lege urraketa zantzuak ikusi direlako". Proiektu berriak iaz eraikitako pistako "lege hausteei" eusten diela berriro gaineratu du. Hala, "Aralarko bide azpiegituren plana egin beharrean, ia 20 kilometro luzerako pista proiektua zatika baloratzen" ari direla esan du, "berez beharko lukeen banakako ebaluazioa ez egiteko eta horren ordez, sinplifikatua eginez, proiektuaren tramitazioa asko arintzeko". Pista berria eraiki nahi den ibilbidean Mendi Babesle izendatutako barrutiak direla "nagusi" azaldu du: "Hauetan, Aralarko legediaren arabera, artzaintza mugatu beharko litzateke lurraren higadura arriskuagatik eta lurzorua mugitzea debekatuta dago, beti ere zuhaitzak jartzeko edo lehendik dagoen azpiegitura mantendu eta hobetzeko ez bada". Bestalde, gogora ekarri du Aralarko Natur Parkea Europako Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua dela eta proiektua ez dela "Europako legedira egokitzen". Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketarako "pista berria ez dela beharrezkoa" dio, "are gutxiago, Aralarren ganaduaren gainkarga dagoenean, eta larreak egoera egokian mantentzeko zenbat ganadu beharko litzatekeen argitzen ez den bitartean". Enirio eta Igaratzako txabolen arteko pistaren proiektua aurrera badoa, Ingurumen Fiskaltzari salaketa berri bat bidaliko zaiola azaldu dute.

Naturkonek adierazi duenez, "pistak eginda ez da artzaintzaren etorkizuna bermatzen, baserrien kasuan garbi ikusi den bezala. Adibidez, Goierrin baserri bideen luzera 500 kilometrokoa da, baina 1.500 baserrietatik 120 bakarrik dira benetan baserria ogibide dutenak". Taldeari "onartezina" iruditzen zaio artzainen irisgarritasuna hobetze aldera "pistaren alternatiba soila" aurkeztu izana. Naturkonek dio badirela inguru horretara "hobeto egokituko liratekeen" beste ibilgailu mota batzuk, "4x4ena baino zabalera txikiagoa dutenak eta azpiegitura jasangarriagoekin bideragarriak liratekeenak, beti ere, erregai fosil bidez funtzionatzen duten ibilgailuen aurrean, ibilgailu elektrikoen erabilpena sustatuz, bere garaian, argindarra lortzeko eguzki plakak instalatu ziren bezala". Zama eramateko animaliak erabiltzea ere "aukera egokia" litzateke Naturkonen ustez, "mandoak eta zaldiak esaterako, zaindariek lagunduta".

Bestalde, pista berriak Lareoko urtegia hornitzen duen erreka "arriskuan" jarriko duela dio, "ibilgailuek sor dezaketen kutsadurarengatik". Pista egiteko 160 zuhaitz eta zuhaixka botako liratekeela dio, "gehienak elorriak, baina baita 17 gorosti eta 6 hagin ere, azken bi espezieak legez babestutakoak direlarik". Hazi Fundazioak Aralarren haginak kontserbatzeko Life Baccata proiektua garatzen ari den enpresa berak egin duela Ingurumen Inpaktu azterketa esan du, "baina txostenean ez du haginak botatzearen inguruko aipamen berezirik egin. Honek Hazi Fundazioaren kontraesanak begi-bistan uzten ditu". Era berean, landareengan izango duen inpaktua baloratzeko erabili diren datuak 2003koak direla esan du: "Ez dira gaurkotu, beraz, ez dira aintzat hartzekoak".

Proiektuak Batasuneko Intereseko espezieengan izango duen eraginari buruz, "17 espezie soilik" hartu direla kontuan esan du Naturkonek, "eta ez interesekoak diren 65 espezieak. Honen haritik, ez dira kontsideratu Natura 2000 Sarerako garrantzitsuak diren flora eta faunako espezieak, ezta Euskadiko Espezie Mehatxatuen katalogokoak ere". Lurrazpiko espezieak ez direla "aipatu ere egiten" gaineratu du, "Aralarren 202 baino gehiago izanik eta horietako 12 Aralarko endemikoak izanda, alegia, mundu osoan Aralarren besterik aurkitzen ez direnak".

Naturkon ez dago ados biztanleriaren gaineko inpaktua pista egin ondoren positiboa izango denik, azterketak dioen modura, "iaztik pista proiektuak Enirio-Aralarko herrietan giro asaldatua eta liskartsua sortu baitu". "Oiduiko mendi aterpea nahita erre izana edota abeltzain bat Mankomunitateko bileran nahiz mendian jendeari mehatxuka ibiltzea", horren adibide direla dio. Dagoeneko Naturkon-ek eta Euskadiko hiru mendi federazioek pista proiektuarekiko desadostasuna azaldu dutela ekarri dute gogora, "pista eraikitzeak kontserbazionista, naturazale, mendizale eta oinezkoentzako inpaktu oso negatiboa izango duelako".

Aurrera begira, urriaren 8rako mendi ibilaldia antolatu dute, herritarrei gonbidatuz, Enirio eta Igaratzako txaboletarako bidearen "aberastasuna ezagutzeko".

Naturkon taldean ondorengo elkarteak daude: Itsas Enara OE, Arkamurka Zarauzko NT, Eguzki, Mutrikuko NT, Herrio Orioko NT, Ugatza OE, Ekologistak Martxan, Zumaiako NT, Erkaxo Azpeitiko NT, Katamarrua Zestoako NT, Landarlan Goierriko NT, Ondarroa 12 milia, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Okil Beltzak Elgoibarko NT, eta Aralar Bizirik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!