Igandean erabakiko da zein pasako den final erdietara

Ataria 2017ko api. 6a, 12:00

igandean ateratako talde argazkia, Am...ona eta Txingudi 2 taldeak

Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari txapelketako bigarren fasea amaitzear da eta asteburuan izango dira azkeneko saioak

Gipuzkoako Herriarteko bertsolari txapelketaren bigarren fasea martxan da eta aurreko asteburuan Villabonan, Oreretan eta Ereñotzun ospatu dira bigarren asteburuko hiru saioak. Larunbatean Oreretan izan ziren Alegiakoak eta igandean etxean jokatu zuten saioa Amo..na taldekoek.

Ostiralean izan zen lehen saioa Oreretako Sindikato tabernan, bertako Xenpelar eta Alegiako 7 Astoren Gainean taldeen artean. Xenpelarretik Aitor Albistur, Haritz Casabal eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa aritu ziren, Alegiarren ordezkari berriz, Mikel Artola, Iñaki Artola eta Imanol Irazustabarrena. Taberna beteta eginiko saio honetan Xenpelarrek 14 puntu lortu zituen eta 7 Astoren Gaineanek, aldiz, 10.

Igandean Villabonako gaztetxean jokatu zen Am…ona eta Txingudi 2 taldeen arteko saioa, 80 entzuleren aurrean. Oso giro ona eta gertukoa izan zen, batez ere bukaera aldera giroa berotzeko aukera izan zen ariketa ezberdinak medio. Hasieratik animatu eta txalotu zituzten bertsolariak gaztetxera hurbildutako entzuleek, eta oro har saio txukuna eta bizia joan zen. Entzuleen artean umeak, gazteak eta helduak egon ziren, eta ohiko bertso jaialdietara hurbiltzen ez den jendea erakarri zuen beste behin Herriartekoak berea duen formatuak. Ordubete pasatxoko saioa izan zen eta azkenean puntuazioa 13-11 geratu zen, etxeko taldearen alde.

ASTEBURUAN AZKEN TXANPA

Asteburuan ospatuko dira bigarren faseko azken saioak eta erabakita geratuko da zein talde igaroko den final erdietara. 7 Astoren Gainean taldeak bukatuta ditu lanak, baina Karidadeko Benta, 26+ eta Am...ona taldeek saioak jokatuko dituzte asteburuan.

Igandean Asteasu-Zizurkilgo taldeak Oñati bisitatuko du. 14:00etan Araotzeko saloian bertso bazkaria egingo dute eta 20 euroan egin ahal izango dira erreserbak txinpartabertsoeskolia@gmail.com helbidean.

Eskualdeko gainerako bi taldeek, 26+ eta Am...onak, igandean jokatuko dute elkarren arteko derbia. Abaltzisketako Zalbide sagardotegian izango da bazkaria 14:00etan eta 16:30ean hasiko da saioa. Bazkarirako sarrerak Amezketako Ametzan, Abaltzisketako Ostatun eta Zalbide sagardotegian bertan izango dira salgai, baita 695 76 28 43 telefonora deituta ere, 25 euroan.

 

ASTEBURUKO SAIOAK

APIRILAK 7, OSTIRALA

Azkoitia. Erniarraitz 1 - Xenpelar. Bertso afaria 21:00etan Azkoitiko Tintoreri elkartean.

Gabiria. Osinalde - Sarri nahi genuen...

Bertso afaria Osinalde elkartean 21:00etan.

APIRILAK 8, LARUNBATA

Hondarribia. Txingudi 2 - 26+.

Bertso bazkaria 14:00etan Olagarro elkartean.

APIRILAK 9, IGANDEA

Oñati. Txinparta 1 - Karidadeko Benta.

Bertso bazkaria, 14:00etan, Araotzeko saloian.

Abaltzisketa. 26+ - Am...ona.

Bertso bazkaria Zalbide sagardotegian, 14:00etan hasita.

Urretxu. Si mimimi sol - Osinalde. Bertso saioa Osaba tabernan 18:00etan.

 

SAILKAPENA

1. MULTZOA

Karidadeko Benta. 14 puntu.

Ereñotzu. 25 puntu (10 + 15).

Txinparta 1. 9 puntu.

2. MULTZOA

7 astoren gainean. 22 puntu (12 + 10).

Erniarraitz 1. 12 puntu.

Xenpelar. 14 puntu.

3. MULTZOA

Sarri nahi genuen... 15 puntu.

Osinalde. 0 puntu (oraindik ez du bigarren faseko saiorik jokatu).

Si mimimi sol. 9 puntu.

4. MULTZOA

Am...ona. 13 puntu.

26+. 0 puntu (oraindik ez du bigarren faseko saiorik jokatu).

Txingudi 2. 11 puntu.

*Multzo bakoitzetik puntu gehien batzen dituena pasako da hurrengo fasera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!