Korrika 20 -2017-

'Motorrika'-n lekuko

Asier Imaz - IƱigo Terradillos 2017ko api. 5a, 10:19

Hitz bakarrez deskribatzea zail denez, eskualdeko Korrikalariek emandako hamaika hitzekin osatu dugu euskararen aldeko lasterketa erraldoiak eragiten duen sentimenduen batuketa.

Ttipi ttapa, saltoz ta korrika igaro da Tolosaldetik Korrika, eta horren lekuko izan gara ATARIA-ko Motorrikan. Eguna argitu gabe zelarik egin du sarrera euskararen aldeko uholdeak eskualdean, Lizartzan, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan, eta hiru orduko olatuen ostean, Adunan, esan dio agur. Edo gero arte. Larunbatean egingo baitu bigarren sartu-irtena.

Ehunka pertsona, haur, gazte nahiz heldu, herri eta auzo guztietakoak atera dira errepidera, eta egin dute salto eta korri, oihukatu dute euskararen alde, eta kantatu dituzte euskararen aldeko hainbat ereserki aurtengo Zirkorrikarekin batera.

Zaila da horrelako ekimenetan parte hartzen denean edo ikusle zarenean sentitzen dena hitz gutxitan azaltzea, eta hain justu horrexegatik, hitzen bila, sentimenduen harrapaketan atera da ATARIA. Korrikak egin duen ibilbidean, lasterka nahiz motorrikan, Lizartzatik Adunara bidelagun izan ditugun euskaltzaleei sentimendu horrengatik galdetzerakoan askotariko hitzak erabili dituzte une hunkigarri eta gogoangarria deskribatzeko: zirrara, askatasuna, euskara, emozioa, poza, bizia, irribarrea, lagunak, giroa, saiakera, festa, elkartasuna, aldarria, ilusioa... Guztiak balekoak. Bateragarriak. Denen batuketak ematen duenak deskribatzen baitu ondoen Korrikak sorrarazten duena.

Eskualdean sentimendu horiek berriro bizitzeko aukera larunbatean izango da. Gainerakoan, noski, Iruñeara igandean iritsi bitarte egin daiteke bat olatuarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!