Tipi-tapa, tipi-tapa...

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 30a, 09:59
Orain bi urte, 19. Korrika Tolosako Belate auzotik igarotzen.

Gutxi falta da 20. Korrika Tolosaldetik igarotzeko: apirilaren 4an gertatuko da hori lehendabizikoz eta apirilaren 8an bigarrenez; 200 lekuko aldaketa inguru egingo dira.

Badator, hemen da Korrikaren olatua. Gaur hasiko da Otxandion eta Euskal Herria zeharkatu ondoren Iruñera iritsiko da apirilaren 9an 20. Korrika, BatZuk lelopean. Tolosaldetik bi aldiz igaroko da: apirilaren 4an eta apirilaren 8an. Datorren astearte goizean Lizartzatik sartuko da Korrika eskualdera, eta Leaburu-Txarama, Tolosa, Ibarra, Anoeta, Irura, Amasa-Villabona, Zizurkil eta Aduna igaroko ditu. Apirilaren 8an, Ikaztegietatik sartuko da eta Alegia, Amezketa eta Abaltzisketa igaroko ditu. Guztira 200 lekuko aldaketa inguru izango dira eskualdean.

Tolosaldeko Korrikaren koordinatzailea den Edurne Ayusok dioenez, «dena bideratuta dago eta azken prestaketa lanak egiten ari gara». Herrietan eratu diren Korrika batzordeen lana eskertu du Ayusok: «Beraien laguntzarik gabe ezingo genuke hau antolatu. Izugarrizko gogoa eta borondatea azaldu dute». Gogora ekarri du ere Tolosaldeko Korrikaren festa nagusian lagundu zuten boluntarioek egindako lana.

Bestalde, eskualdeko udalei eskerrak eman dizkie kilometroa erosteagatik, eta komertzio, taberna eta enpresek eman duten erantzuna «oro har positiboa» izan dela nabarmendu du.

Lekukoa eramatea berez berezia izaten bada ere, aurtengoan hiru une aipagarri izango dira Korrika igarotzean. Horietako bat orain gutxi zendu den Iñaki Iturrioz Raku tabernako jabeari egingo zaion omenaldia izango da. Tolosako Korrika Batzordetik azaldu dutenez, «AEKri Tolosan zegoenean eta Korrikari betidanik lagundu izan dio». Iturriozen etxekoek eramango dute lekukoa, Raku taberna parean jasoz. Bestalde, Tolosako Laskorain Ikastolarentzat berezia izango da aurtengo Korrika, 50. urteurrena ospatzen ari baitira. Lekukoa Usabalgo eraikinaren parean eramango dute. Bere aldetik, Tolosako Udaberri dantza taldea 60. urteurrena ospatzen ari da, eta sei belaunaldietako ordezkariek eramango dute lekukoa, Nafarroa etorbidearen bukaeran hartuko dutelarik.

TOLOSALDEKO ATARIA-k ere bere kilometroa izango du. Zehazki, apirilaren 4ean, Tolosako Belate auzoan hartuko du lekukoa. Zozketa bidez ateratzen den harpidedun batek eramango du.

EKITALDI UGARI

Korrikaren inguruan hainbat ekitaldi antolatu dira eta antolatuko dira ere. «Eskertzekoa da alor horretan ere herrietan egiten ari diren lana», esan du Ayusok. Apirilaren 7an ere hainbat ekitaldi egingo dituzte, hurrengo eguneko Korrikaren iritsiera girotzeko. Bestalde, Korrika Kulturalaren barruan hainbat jarduera egiten ari dira nazio mailan, eta horietako bat, Tartean Teatroa taldearen Ez dok hiru antzezlana, Tolosan ikusi ahalko da apirilaren 7an, Leidor aretoan, 19:00etan. Sarrerak 8 euro balio ditu eta Korrika laguntzaileek 6 euro ordainduko dituzte. Txartelak Leidor aretoko leihatilan eta Tolosako Ikatza tabernan eskuratu daitezke.

Korrika nagusiarekin batera, ohikoa da herri guztietan Korrika Txikiak antolatzea. Tolosakoan herriko hiru ikastetxeek parte hartuko dute batera, Korrika Batzordearekin antolatutako ekimenean. Bihar egingo dute, eta 15:00etan elkartuko dira Trianguloa plazan, hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasle zaharrenak. Mezua irakurrita, ikastetxe bakoitzeko kideak beraien eskolara abiatuko dira, eta bidean maila txikiagoko ikasleak gehituko dira.

Aurten Ikaztegieta eta Alegiako eskolek Korrika Txiki berezia egingo dute. Datorren asteartean izango da, 09:50ak aldera. Alegiakoak Ikaztegietara abiatuko dira, eta Panelfisa enpresaren inguruan bat egingo dute Ikaztegietakoekin, hauen eskolarako bidea elkarrekin egiteko.

Apirilaren 9an Iruñean amaiera jaia egingo da, eta Tolosaldetik autobusa antolatu da bertara joateko. Autobusa 09:30ean Tolosako Santa Klaratik aterako da eta 09:45eanVillabonako eliza parean geldialdia egingo du. Behin jaia amaituta, autobusa Iruñetik 20:00etan itzuliko da. Txartelak Tolosako Ikatza tabernan eta Villabonako Amasa kafetegian eskuratu daitezke, 10 eurotan. Tolosaldeko Korrika antolakuntzatik eskaria egin diete autobuserako txartela hartzeko asmoa dutenei, lehenbailehen egiteko, zerbitzua ahal den egokien antolatu ahal izateko.

 


Korrika 1989an igaro zen Amezketatik. Joxe Ignazio Arsuagak grabatu zuen bideoa.

28 URTE ONDOREN

Korrikak aurten eskualdean egingo duen ibilbideei begiratuta, amezketarrentzat eta abaltzisketarrentzat berezia izango da, bertatik Korrika igaro zen azken aldia orain 28 urte izan baitzen, 1989an zehazki. Bi herrietako batzordeetan parte hartzen ari den Jokin Artolak dioenez, «ibilbidea hemendik pasako zela jakin genuenean, emozio puntu bat piztu zen. Amezketan, adibidez, beste urteetan batzordea ere osatu da, baina beti geratzen zen arantza hori, ea noiz pasako ote zen berriro hemendik».

Korrika bizitu izan dutela herriotan esan du Artolak, «baina gero Alegia aldera joan behar izaten genuen parte hartzera. Orain, bertan izanik, hunkituta gaude». Bi aldiz pasa da Amezketa eta Abaltzisketatik Korrika, lehenengoa 1983an. Orain berriro ere igaroko dela eta, orduko pasadizoak gogoratzen aritu dira. «1989an kilometroak nola markatu zituzten azaldu zidan batek», esan du Artolak. «Bultaco moto zahar bat hartu, eta haren kilometro kontagailua erabiliz margotu zituzten lurrean».

Apirilaren 8an igaroko da, eta Amezketara 05:40ak inguruan iritsiko da lekukoa. Abaltzisketa bitartean orendaindarrek hartuko dute, eta Abaltzisketakoen ondoren, eta Goierrira iritsi aurretik, gazteluarrek izango dute lekukoa. Hain justu, Gaztelutik joango direnek gaua Abaltzisketan egiteko modua antolatzen ari dira. Bai Amezketan, Abaltzisketan eta Orendainen ari dira Korrika iritsiko den gauerako ekitaldiak prestatzen. Aurretik Ikaztegietatik eta Alegiatik igaroko da, eta herri hauetan ere ari dira prestaketa lanak egiten.

Laster igaroko da Korrika eskualdetik eta Edurne Ayusok parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, eta gogora ekarri du AEKren egitekoa helduak euskaraz alfabetatzea dela, eta helburua euskara egunero ahoan izatea.

 

TOLOSALDEKO IBILBIDEAK

Apirilak 4, asteartea

Lizartza. 06:45.

Leaburu-Txarama. 07:29.

Tolosa. 07:47.

Ibarra. 08:13.

Tolosa. 08:19.

Anoeta. 08:45.

Irura. 08:58.

Amasa-Villabona. 09:13.

Zizurkil. 09:33.

Aduna. 09:46.

Apirilak 8, larunbata

Ikaztegieta. 04:48.

Alegia. 05:07.

Amezketa. 05:40.

Abaltzisketa. 06:19.

 

KORRIKAREN INGURUKO EKITALDIAK

ABALTZISKETA

Apirilak 1, larunbata

11:30. Perkusionante perkusio tailerra izango da adin guztietako jendearentzat, familia giroan gozatu eta ikasteko, Goibegi eraikinean. Euskara ikasten hasi berriak diren bi herritarrek emango dute, jatorriz valentziarra den Sorgi Ahuir-ek eta jatorriz uruguaitarra den Ines Barrendeguyk.

AMASA-VILLABONA

Apirilak 2, igandea

Loatzo mendira igoera antolatu du Amasa-Villabonako Korrika Batzordeak, Aizkardi Mendi Elkartearen laguntzarekin. 09:00etan abiatuko da martxa Olaederra kiroldegitik eta Loatzoko tontorrean amaituko da. 11:00etatik aurrera Loatzoko tontorrean, pintxoak, salda eta giroa alaitzeko musika egongo dira, eta Korrikaren aldeko argazki jendetsua ere aterako da. Eguraldi oso txarra balego, mendi ibilaldi laburrago bat egingo litzateke, eta hamaiketakoa eta argazkia Amasako frontoian izango lirateke.

ANOETA

Martxoak 31, ostirala

Gaztetxean egingo dira ekitaldiak. 20:30ean, barrikotea. 22:00etan, Imanol Ituiño magoa.

Apirilak 1, larunbata

12:30ean, Kantu Jira herrian zehar Kukuak Kantuz taldearekin. 14:00etan, Sarasolan bazkaria. Izena emateko zerrendak Itzulin eta Arkupen daude eta azken eguna gaur izango da. 17:00etan umeentzako jokoak plazan Ikastolako Euskara Taldeak antolatuta.

ASTEASU

Martxoak 30, gaur

18:00etan, Paula Kasaresen Familiaren garrantzia haurrak euskaldun haztean hitzaldia, udaletxean.

IRURA

Martxoak 31, ostirala

Zirkorrika festa antolatu dute, 17:00etatik 19:30era. Eguraldi ona izanez gero plazan izango, eta txarra eginez gero frontoian. Hainbat tailer egingo dituzte arratsaldean zehar: monozikloa, klown eta malabareak. Aurpegia margotzeko aukera ere izango da.

ZIZURKIL

Apirilak 1, larunbata

11:00etan buruhandi eta erraldoien kalejira hasiko da , Aurrera plazatik aterata. 12:00etan, Joxe Arregi plazan, Loatzo musika eskolaren emanaldia izango da. Jarraian Zirkorrika haur tailerra egingo dute. Azkenik, amaiera emateko, luntxa eta Korrika petoen banaketa.

Oharra: Korrikaren materiala erosteko postua izango da Zizurkilen, eta horretarako azken aukera izango da eskualdean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!